Berdintasun Zerbitzua izateko eskaerari ez erantzutea salatzen dute ikastetxeek
Gernika-Lumoko ikastetxeek 2017ko uztailaz geroztik herrian ez dagoela Berdintasunerako zerbitzurik, eta udalak Berdintasunerako zerbitzua jartzeko ikastetxeek egindako eskaerari ez erantzutea salatu dute.
2017ko uztailetik Berdintasunerako zerbitzuaren falta ikusita udalerriko ikastetxeek udalari beraien “kezka” azaldu ziotela jakinarazi dute, baina “inolako berririk” ez ikustean, Gernika-Lumoko Udalari zuzendutako gutuna bete zuten: “Gernikako ikastetxe guztiak elkartu ginen Berdintasunerako zerbitzua martxan jartzeko beharra eta premia adierazteko. Gaur da eguna bidalitako gutun horri, oraindik erantzunik ere eman ez zaiola”. Horregatik, udalaren “jarrera” salatzen dute, “Berdintasunerako zerbitzua martxan jarri ez izanagatik, eta eskaerari muzin egiteagatik”.
Berdintasunerako zerbitzua ez izateaz “oso kezkatuta” daudela esan dute udalerriko ikastetxeetako langileek, “urtez urte ikasleak, gure umeak eta gazteak jendarte parekideago batean bizitzeko prestatzea beharrezkoa” ikusten dutelako. Gainera, Martxoaren 8ko Emakunderen kanpainaren leloa Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna izan zela gogorarazi dute, eta “helduoi arduratsu jokatzeko eta egunero berdintasuna trasmititzeko eskatzen zela” gogoratu dute.
Horren harira, eskura dituzten baliabideak “asko izan ez arren” irakaskuntzako langileen “ilusioak eta gogoak” bultzatuta Hezikidetza-Bizikidetza arloan hainbat proiektu eta ekimen diseinatu dituztela esan dute. Baina aurreko ikasturteetan bezala, ekimen horiek aurrera eramateko Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasunerako zerbitzuaren laguntza espero zutela, eta ez dela horrelakorik egon salatu dute.
Ikasketa zerbitzurik ez. Horregatik, azaroaren 25ean eta martxoaren 8an ez zutela “sentsibilizazio kanpainarik” izan salatu dute. Baita erakundeekin egin izandako “formakuntza eta dinamizazio lana bertan behera” utzi behar izan dituztela esan. Gaineratu dute, “Beldur Barik” lehiaketan ezin izan dutela parte hartu, eta Genero Indarkeria Protokoloa akordioari heltzeko aukerarik ez dutela izan.
Emakumeeki zuzendutako “Aholkularitza Psikologikorik” emateko kontsulta gabe, Drogomenpekotasun prebentziorako ikastarorik gabe, gurasoentzako eskolarik gabe eta Berdintasunerako zerbitzuagaz lotutako eskaintza osagarri gabe geratu direla salatu dute udalerriko ikastetxeek.