Gernika sortu zeneko 652. urteurrena ospatuko dute zapatuan
Gernika sortu zenetik 652 urte igaroko dira zapatuan, eta urtero legez, Gernikazarra Historia Taldeak gertatutakoa ekarriko du gogora. 12:00etan Foruen plazan hasita hiriko mugetatik ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, ohiturari jarraiki.
Udaletxe aurrean hasi, eta 8 de Enero, San Juan, Allende Salazar eta Adolfo Uriste kaleetatik egingo dute ibilbidea bertaratutakoek. Ondoren, aurreskua dantzatuko dute, eta zapia jarriko diote Don Telloren eskulturak eskuan daukan uri gutunari. Ekitaldia bukatzeko, parte hartzaileek ohorezko liburua sinatuko dutela esan dute Gernikazarra taldekoak, “hurrengo belaunaldiei gertaeraren berri emateko”.
Gernikazarra Historia Taldeak jakitera eman duenez, ikurrina eta herriko bandera ikusi ahal izango dira udaletxean egun horretan.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa zela adierazi dute taldekideek, eta urteurrena “danbolin eta afariagaz” ospatzen zutela azaldu.
Ohitura hori Gernikazarra Taldeak berreskuratu zuen orain urte batzuk, eta azkenaldian ospakizuna egin dute herrian zehar. Horren harira, ordu erdi inguru iraungo duen ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Sorreraren historia. 652 urte beteko dira aurten Don Tello kondeak Gernikari hiri gutuna eman zionetik. Hori erakusten duen dokumentua da, hain zuzen, Don Telloren eskulturak eskuan daramana. Bertan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehazten ziren, bai eta, gernikarren eskubide, betebehar, eta abantailak zeintzuk ziren.
Juridikoki eta politikoki 1882. urtera arte horrela antolatu zen Gernika, urte horretan, Lumok eta Gernikak bat egin zuten arte.