Lore eta marrazkiek bizitzaz bete dute Bermeoko Goiko plaza gaur goizean. Alde Zaharra biziberritzeko proiektuak kolorez margoztu ditu plazako txoko desberdinak. Adin guztietako herritarrak hurbildu dira Alde Zaharrera, eta lore azoka ikusteko edota paella erraldoia dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
Lore azokara herritar asko hurbildu dira goizean.
Goizeko 10:00ak aldera jarri dituzte lorez betetako postuak, eta eguzkiak plaza osoa argiz betetzean, herritarrak hurbildu dira bertara. Goizetik eguerdira artekoa izan da azoka, eta dibertsitate askoko postuek osatu dute. Loreak saltzeaz gain, ekologiagaz zerikusia duten postuak ere jarri dituzte herritarrek; baita umeek barazkiak nola landu behar dituzten azaltzeaz eta praktikan jartzeaz ardutatu den tokia ere.
Loreek baina, marrazkiei lekua egin die. Goiko plazako txokoetako bat, ikastetxe eta ikastoletako gazteen marrazki lehiaketak hartu du, ikasgela bakoitzeko marrazkirik onenak erakusketa modura jarriz. Horietatik atera dira, gerora, saridunak. Barrueta Arte Elkartea arduratu da sari banaketaz, eta familia, lagun eta loreen aurrera atera dira lehenengo hiru saridunak. “Guztiak dira irabazleak, beraien gelako marrazki onenen moduan aukeratu dituzte-eta. Gaur, guzti horietatik hiru nabarmenduko ditugu, beste barik”, azaldu dute Barrueta elkarteko arduradunak. Bi kategoriatan banatu dituzte parte hartzaileak, 6 eta 8 urte bitartekoak alde batetik, eta 9 urtetik gorakoak bestetik.
Marrazki lehiaketako ikasle saridunak.
Marrazki lehiaketako sari banaketa eguerdian burutu dute, bakoitzari dagokion saria emanez. Kategoria bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek gainera, lorea bat eraman dute etxera.
Guztia gertatu bitartean, paella erraldoiak ere izan du bere tokia; izan ere, lore azoka hasi denetik, bertan egon dira paella egiteaz arduratu direnak. Jai giroa nagusi izan den plazan, 13:30etarako bukatu dute paella erraldoia, eta herritarrek dastatzeari ekin diote.
Hala baina, arratsaldean ez du galduko bere kolorea plazak. Plaza erdian kokatuta, Dj-a arituko da eguna musikaz betetzen, eta txosna bat egongo da 20:00ak arte. Koloreak beraz, bere tokia izaten jarraituko du Alde Zaharrean, herriko leku horri balorea emanez.
Argazki galeria ikusteko sakatu
hemen.