Gernikako bonbardaketaren
memoria bilduko duen mapa interaktiboaren proiektua aurkeztu zuten Gernikako Lobak taldekoek Elai-Alai aretoan, atzo. Memoria eta espazio publikoa lantzen duen proiektua da 2037 Memoriaren Mapa deitutakoa. Atzotik hasita, proiektua
burutzeko beharrezkoa den diru bilketa egingo dute
40 egunetan; helburua 3.250 eurotara iristea da.
“Pedagogikoa eta entretenigarria” den mapa egin gura dute Lobek; gazte zein nagusientzako baliagarria den produktua eraiki. Gernika-Lumoko memoria lanketa egin duten eragile ezberdinen informazioa lortu, eta hori teknologia berrietan zabaltzea dela beraien helburua zehaztu zuten atzo; hau da, “informazioa modu entretenigarrian dibulgatzea”. Proiektua urte bukerarako prest izatea gura dutela aitortu zuten aurkezpenean.
Azken urte eta erdian memoria eta espazio publikoari buruz hainbat hausnarketa egin ondoren, “memoriaren transmisioa” espazio publikoagaz lotzea beharrezkotzat ikusi zuten Lobek: “Memoriaren transmisioa hobeto garatzeko, Gernika-Lumoko espazio publikoa ere landu behar genuela hausnatu genuen. Izan ere, 1937ko bonbardaketan, Gernika ia bere osotasunean desagertu zen”. Hori horrela, herriko memoria lantzen diharduten eragileekin bi bilera egin zituztela adierazi zuten proiektuaren aurkezpenean; Gernika-Lumoko mapa interaktiboa helburu hartuta lan egiteko, eta “herriko mapan dauden puntu garrantzitsuak aztertu, eta lantzeko”.
2037 Memoriaren mapa aurkezpena
“Herriko mapan egon ahal diren puntu garrantzitsuenak identifikatu eta puntu horiei balore berri bat eman nahi zaie”, aitortu zuten Lobek, eta mapak horretarako balioko zuela azaldu zuten; besteak beste, herriko eraikinen inguruko
informazioa, testigantzak, argazkiak zein bideoak batuko dira mapan.
Mapa interaktiboa kokatzeko eta dibulgatzeko “euskarri egokiena” internet zela, eta “metodo egokiena” mapa bat egitea zela erabaki zuten. Gainera, mapak
etorkizunean proposamenak batzea ahalbidetuko duela ere adierazi zuten. “Hala eta guztiz ere, etorkizuneko proposamenak gehitzea bigarren fase batean burutuko da. Lehenengo, produktua sortu nahi dugu”.
Crowfunding. “Informazioa jasotzeak, zein euskarritan jarriko den erabakitzeak, eta hori gauzatzeak atzean lan asko du, eta dirua beharrezkoa dela ikusi dugu”, aitortu dute Lobek. Horren harira, “proiektua gauzatzeko” beharrezkoak diren 3250 euro lortzeko, 40 eguneko diru bilketa egitea erabaki dutela adierazi zuten. Atzotik aurrera,
“Verkami” deitutako web orrialdearen bidez, “jendeak sari baten truke diru aportazioa egin dezake 40 egunetan”.
Metodo honek gainera, proiektuaren “irudia gorpuzten” lagunduko duela uste dute Gernikako Lobek; kamisetak, telazko boltsak, maparen horma irudia eta webgunean aipamena dira diru bilketa horretan herritarrek erosi ahal izango dituzten produktuak.