Izan Blue festak ekintzez bete du Ekoetxea Urdaibai. Afestta Elkarteak, Bizipozak, Obra Social Ischadiak eta Un paso más por el Tourette-ek elkarlanean antolatutako Izan Blue festa da gaur, Busturian ospatzen ari dena. Tourette gaixotasuna ezagutzera emateko eta gaiaz informatzeko helburua duen proiektua da honakoa.
Horretarako, ekintzez betetako eguna antolatu dute Un paso más por el Tourette elkartekoek. Gaixotasunaren inguruko informazioa emateko hitzaldiarekin hasi dute jardunaldia, baina, ikuskizunak, tailerrak eta Marenen kontzertua bezalako ekintzak burutuko dira eguna igaro ahala. Adin guztietako jendea bildu da Ekoetxea Urdaibain; emakume, gizon, heldu zein gazte. “Ez genuen horrelako erantzunik espero”, aitortu dute antolakuntzakoek.
Tourette hitzaldia
Goiza, IzanBlue proiektuaren aurkezpenarekin hasi da. Un paso más por el Tourtte elkarteak antolatutako Blue proiektuak zertarako balio duen eta beraien helburuak zeintzuk diren azaldu dute antolatzaileek. Proiektuaren azalpenak emateaz gain, laguntza txakurren erakustaldia egin dute. Izan ere, Tourette sindromeaz informatzea eta kontzientziazioa sortzeaz gain, laguntza txakurrek gaixoekin burutzen duten lana erakutsi nahi izan dute arduradunek.
Blue proiektuaren hasiera, Ekoetxea Urdaibaiek antolatutako jardunaldi batean hasi zela adierazi du Amaia Alvarez Afestta elkarteko zuzendariordeak. Bera da gainera, Izan Blue proiektuaren protagonista. Tourette gaixotasuna duten bi seme ditu Alvarezek, eta laguntza txakurrek gaixotasuna tratatzen lagunduko zielakoan, Obra Social Ischadia elkartearekin bat eginda, proiektu hau sortu dute. Blue da Alvarezen semeari lagunduko dion laguntza txakurraren izena; hortik datorkio proiektuari berea.
Blue laguntza txakurraren erakustaldia. Tourette sindromea duen umeari lagunduko dion txakurra da, Obra Social Ischandiak hezitakoa
Lehen aldia da, Espainia mailan laguntza txakur batek Tourette gaixotasuna duen gazte bati lagunduko diona. Tourette gaixotasunak sortzen dituen tik ezberdinei aurre egiteko laguntza eskaintzea eta familia kideei zerbait gertatzen dela abisatzea dira txakurraren zereginetako batzuk: “sendagairik egon ez arren, txakurrak lasaitu egiten du nire semea, tratamendu eraginkorra delakoan nago. Gainera, txakurra guregana etor daiteke arazoren bat dagoela jakinarazteko”.
“Gaixotasunak eragindako jokabideak baretu ditzake laguntza txakur batek. Nire seme nagusiak dituen jokabideekin eraginkorra izango delakoan nago. Bestela, abisua emateko gai da txakurra”, hori esanda, laguntza txakurrarekin “lasaiago” sentitzen dela adierazi du Alvarezek. Blue proiektua beraiena dela esan du Alvarezek, baina proiektu “askoz gehiago” egingo direlakoan dago zuzendariordea. Horretarako, egiten duten lana “ezagutaraztea” beharrezkoa dela adierazi du Amaia Alvarezek. Lehen pausoak ematen ari den proiektua da honakoa, bide luzea geratzen zaiona.
Antzerkia Izan Blue
Ekintzak. Hitzaldia baina, ez da izan eguneko ekintza bakarra. Eguerdian Pupu eta Lore “haizearen herrira” ikuskizuna egin dute Urdaibai Ekoetxean. Espero ez zuten arrakasta izan du ekitaldiak, familia asko hurbildu baitira dorretxera. Antzerkira egokitutako gela bete-bete egin dute herritarrek, umeen presentzia nagusituz.
Gainera, ongintzazko ekitaldi gastronomikoa ere egin dute antolatzaileek. Blue proiektuaren aldeko ekitaldi gastronomikoa Madaixagane Jatetxearen laguntzaz antolatu dute. Jan bitartean baina, haurrentzako tailerrak izan dira.
Arratsaldean, musikaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, Marenen kontzertua egon da eta.
Horren ostean gainera, Madaixagane Jatetxearen laguntzaz antolatutako txokolatada egin dute; jardunaldi luzeari amaiera emanez.
Argazki galderia ikusteko sakatu hemen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.