Edurne Pasaban mendizalearen ibilbidea nabarmendu zuten emakumeek.
Gernikako Batzarretxean euskal emakume hautetsien bigarren batzarra ospatu zuten zapatuan. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko guztietako 200 emakume baino gehiago bildu ziren. Gainera, Edurne Pasaban omendu zuten ekitaldian, bere ibilbide profesionala azpimarratuz.
Emakume zinegotziek, alkateek, batzarkideek, legebiltzarkideek eta alderdi politikoetako goi mailako agintariek bete zituzten Bizkaiko batzarretarako eserlekuak, gonbidatuen tokian jesarri ziren gizonezkoen aurretik.
Musika eta dantzaz girotutako ekitaldia izan zen asteburukoa. Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslariak
Gernikako Arbola kantatu zuen hemizikloan, emakume hautetsien begiradapean. Gainera, Beti Jai Alai taldeko emakume dantzariek ongietorria eman zien emakume hautetsiei.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izan zen historian bigarren aldiz antolatu den batzarra zuzendu zuena. Hemiziklotik kanpo hasi zen ekitaldia zuzendu zuen. Izan ere, Beti Jai Alai dantza taldea, hautetsiei ongietorria emateaz gain, emakume bakoitza hemiziklora sartzera gonbidatzeaz arduratu baitzen.
Emakumeak batzarretxean. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Aretoan bertan Otaduik “elkartzeko, esperientziak trukatzeko, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunean aurrera egiteko, eta pausu sinbolikoak eta eraginkorrak emateko” asmoa adieraziz hasiera eman zion Batzarrari. Gerora, bardintasunaren alde, alderdi politiko guztietako ordezkariek berbaldia emateko aukera izan zuten.
Edurne Pasaban. Emakume hautetsien bigarren batzarrean, Edurne Pasaban omendu zuten bere ibilbide profesionalean egindako lana azpimarratuz. Izan ere, hamalau zortzi milako igo ditu mendizaleak. Tontorrera igotzean ez duela inoiz inolako sexu arazorik izan adierazi zuen: “mendiek ez dakite ezer sexuen inguruan, eta horrela izan behar da”.
Pasabani bere lana eskertzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, iragana, gaur eguna eta etorkizunaren seinale den oparia eman zion. Iraganaren seinale, Agirre Lehendakariak babestu zuen haritzaren hostoa; gaur egunaren adierazgarri den egungo Gernikako Arbolaren beste hosto bat; eta ezkurra, etorkizunaren sinbolo modura.