Lapiko eta putxera txapelketako saria, Sopelara
Alde Zaharra bizirik elkarteak antolatutako hirugarren txapelketa izan da gaur goizean Bermeoko Goiko plazan ospatu dena. 20 lapiko aurkeztu dira txapelketara eta aurtongo sari nagusia, Sopelara joan da. Bigarren sariak, Balmasedara egin du salto eta hirugarrena Busturialdean geratu da, Gernikan. Aurton, iaz baino 3 lapiko gehiago aurkeztu dira txapelketara.
Goiz hasi da Goiko plaza indaba usaina hartzen. Izan ere, goizeko 8.00etan sukaldari eta laguntzaileek lekua hartu dute beraien lapikoak sutan jarri eta janaria prestatzen hasteko. Euriak ez du lagundu eta antolatzaileek jarritako karpa azpian izan dira parte hartzaile gehienak. Hala ere, karpa inguruetako bestelako txokoetan aritu dira batzuk.
Lapiko onenaren saria “Larrondo Beko” izenpean aurkeztutako sopelatarrarentzat izan da, eta garaikurraz gain, 200 euroko dirusaria, txapela eta ardo botila irabazi ditu. Bigarren eta hirugarren sariak ere dirusaria eta ardo botila izan dira; gainera, lehenengo 10 finalistentzako sari ezberdinak banatu dituzte.
13.00ak 13.30ak bitartean aurkeztu dira lapiko guztiak, eta lapikorik onena aukeratzeko orduan, epaileek aurkezpena, gustua eta sukaldatze puntua hartu dituzte kontutan. Epaileen arabera, “maila ona” egon da aurkeztutako lapikoen artean, prestakuntza desberdinak egon diren arren, “pozik” daudela azpimarratu dute eta.