111 Akademiaren Saria irabazi du Kirmen Uriberen azken eleberriak
Ondarrutarraren 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eta Pello Lizarralderen 'Elur bustia' izan dira finalistak. Uribek maiatzaren 11n jasoko du saria, Andoaingo kulturguneanKirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriak irabazi du 2016ko 111 Akademiare...
Ondarrutarraren ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eta Pello Lizarralderen ‘Elur bustia’ izan dira finalistak. Uribek maiatzaren 11n jasoko du saria, Andoaingo kulturgunean
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriak irabazi du 2016ko 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 17ra arte.Lehenengo txandan, 2016an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zieten 197 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30 lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen.
Hirugarren eta azken txandan Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa) eta Pello Lizarralderen Elur bustia izan ziren bi finalistak.
Maiatzaren 11n jasoko du Uribek 2016ko 111 Akademiaren Saria, Andoaingo Bastero kulturgunean, 19:30ean.
Kronika nobelatua
Egiazko pertsonaiek eta gertakariek osatzen dute Uriberen hirugarren nobelako kontakizuna: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistenzia politikoa.
Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik gertu, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak.
Espioitza, klandestinitatea, tortura, kartzela, heriotza, exilioa… familia baten bizipenak jasoz, kronika nobelatua osatu du idazle ondarrutarrak, XX. mendeko euskal historiaren atal berezi bat.