Piperra eta Gatza proiektuaren baitan, hiri-ortuak banatu zituen Gernika-Lumoko Udalak 2016ko urtarrilean. Nekazaritza ekologikoa sustatu asmoz, hiri-ortuak egokitu zituen udalak, eta deialdi publikoaren bitartez banatu zituen. Eskaera egin, eta 50 herritar ari dira gaur egun erabilera publikorako egokitutako lurrak lantzen. Hala ere, guztira, udalak 141 lur sail egokitu zituen ibarrean, eta gainerako 90 hiri-ortuak esleitzeko deialdia zabaldu du.
Eskatzaileek NAN agiriaren fotokopia eta Gernika-Lumoko web orritik
(www.gernika-lumo.net) jaitsi dezaketen inprimakia aurkeztu beharko dute udaleko erregistro sailean, martxoaren 28a baino lehen. Jakinarazi dutenez, eskaera egiteko Gernika-Lumon erroldatuta egon behar da.
Norbere kontsumorako. Hiri-ortua eskuratuz gero, ezinbesteko baldintza da ekoizten dena norbere kontsumorako izatea, eta produktuen elkartrukea bakarrik dago onartuta. Halaber, lursaila nekazaritza ekologikorako erabili beharko du eskatzaileak.
Hiri-ortua eskuratzeko eskaria elkarteren baten izenean eskatuz gero, elkartea irabazi asmorik gabekoa izan behar da. Behin eskaerak egiteko epea amaituta, esleipena zozketa bidez egingo du administrazioak. Zehaztu dutenez, banateko dituzten ortuek 60 eta 75 metro koadro artean dituzte.