Bizkaiko zaharren egoitzatan iragarritako grebak Bermeoko Sancti Spiritus udalaren zaharren egoitzan ez duela «inolako» eraginik izango adierazi du Gizarte Ongizaterako Udal patronatuko presidente Benito Ibarrolazak. Hala jakinarazi gura die herritarrei, eta, bereziki, udal zaharren egoitzan senideak dituzten pertsona guztiei.
Sancti Spiritus zaharren egoitza
Ibarrolazak azaldu duenaren arabera, «grebak eragina izango du zaharren egoitza pribatuetan, edo, publikoak izan arren, bere zerbitzuak zeharkako kudeaketaren bitartez, enpresa pribatuen bitartez eskaintzen dituztenetan».
Bermeokoa, baina, egoitza publikoa dela gogorarazi du, «udalarena», eta aipatu egoitzan eskaintzen diren zerbitzu gehienak kudeaketa zuzenaren bitartez ematen dira. Hala, jakinarazi duenez, «udal zaharren egoitzako langileek gainontzeko udal langileen lan baldintza berdinak dituzte, eta, lan hitzarmen berdina dute».
Bi salbuespen daudela azaldu du Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidenteak: Harrerako zerbitzua eta denbora libreko zerbitzua, hain zuzen. Bi horiek, baina, Irabazi Asmorik Gabeko erakundeekin egiten direla aipatu du.
Gaur hasi da greba. ELA sindikatuak deitutako greba da. Horien arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresek «entzungor» egin diete langilen eskaerei. Hori dela eta,
hiru asteko greba iragarri dute, eta gaur hasi dira.
Irailean ere bi asteko greba egin zuten zahar etxeetako langileek, lan baldintza duinak eta hitzarmena sinatzeko eskatzeko.