Narziso Andonegi omendu dute Samikollako jaien egun handian
'Narziso Txiki'-k jaso ditu aurten, auzotarren hitz goxoak eta lore sorta ederra. Jendearen erantzunagaz pozik agertu dira antolatzaileak. Herrigunera zabaldu da jaiaPolita izaten da San Nikolas eguna Samikollan, eta asteburuan ere horrelakoa izan da. ...
‘Narziso Txiki’-k jaso ditu aurten, auzotarren hitz goxoak eta lore sorta ederra. Jendearen erantzunagaz pozik agertu dira antolatzaileak. Herrigunera zabaldu da jaia
Polita izaten da San Nikolas eguna Samikollan, eta asteburuan ere horrelakoa izan da. Barikuan hasi ziren jaiak ospatzen, eta jendeak ondo baino hobeto erantzun duela eta, pozik daude antolatzaileak. Umeen puzgarrietan zein bertso saioan jende asko bildu zen: «Bete egin zen jaigunea; bertsolariek izugarrizko giroa jarri zuten».Ohi bezala, mezagaz hasi zituzten ekintzak zapatuan, eta eguneko momentu hunkigarrienarekin jarraitu zuten. Narziso Andonegi Narziso Txiki-k jaso ditu aurten auzokoen hitz goxoak eta lore sorta ederra.
Jan-edanean biduta joan ziren ondorengo orduak, txorizo eta salda aukeran izan zituztelarik. Eta eguerdian, txupina eta brindisa etorri ziren. Auzo bazkarian bildu ziren ondoren. Eguzkiarengandik ongi babestuta, zuhaitzen gerizpe ederrean jarraitu zuen egunak. Ume, gazte zein helduek giro ederra jarri zuten. Arratsaldeak zezen txikiak izan zituen protagonista, eta gauean, Auskan eta Jose Replayren kontzertuek.
Herrigunean ere bai
Auzoan bertan ez eze, jaietako ekintza batzuk herrigunean ere egin zituzten. Atun erre jana izan zuten eguerdian, Beheko Plazan, eta ondorengo orduetan, besteak beste, Fundamentoren kontzertua eta Xistera zirkuituko finalerdiak egon ziren.
Zozketa ere izan dute jaietan. Lehenengo saria 2.412 izan da (ordezkoa: 1.708), bigarren saria 3.947 (ordezkoa: 1.395) eta hirugarren saria 1.302 (ordezkoa: 3.961). Lehen zenbaki sarituaren jabeak asteburu pasa bat irabazteko aukera izango du, eta bigarren eta hirugarren zenbakiaren jabeek, aldiz, afari bat eta Mutrikuko produktuekin osatutako otar bat jasoko dute, hurrenez hurren.