Bermeoko portutik atera dira parte hartzaileak, 12:00etan, eta 27 minututan amaitu du Mustaficek proba. Iazko irabazlearen denbora hobetu du Mustaficek. Mendiak, aldiz, 31.17 minututan egin du itsas ibilbidea.
2.500 metroko proba egiteko eguraldia lagun izan dute, eta itsasoko baldintzak egokiak izan direla nabarmendu dute antolatzaileek. “Aldeko itsas korronteak eta haize arinak igerilarie lagundu die”.
Mendia bigarren sailkatu zen iaz, eta aurten podiumaren gorenera igo da, iaz berak egin zuen marka zein irabazlearena hobetuz. Sailkapen orokorrean, zortzigarrena izan da igerilari donostiarra.
Herri mailako kirolarien artean, Bermeoko Esti Larruzea izan da helmugaratzen lehena, eta gizonezkoen artean Xabier Anparan. Haiek ere saria hartu dute gaurko sari banaketan.
12:00etan atera dira igerilariak Bermeoko portutik, eta 27 minutu baino ez ditu behar izan Mustafikek zeharkaldia egiteko. Bigarren sailkatuak, Haigor Arangurenek, 28.32ko marka egin du aurten, iazkoa ia hiru minututan hobetuz. Peru Alfaro izan da gizonezkoen artean hirugarrena helmugaratzen, 28.50ko markarekin.
Emakumezkoen artean, bigarren egin du Ainhoa Agirrek, 37.43eko denboragaz, eta Janire Horcajo hirugarren sailkatuak 40.54 minututan amaitu du zeharkaldia.
Bestalde, neoprenoakaz lehiatu direnen artean, Ciro Tobar izan da azkarrena, 29 minutu eta 5 segundoko denboragaz. Mikel Azkue sailkatu da Tobarren atzetik, hamar segundoko aldeagaz, eta Peio Ruiz izan da hirugarrena, 31 minutu eta 27 segundoko denboragaz.
Emakumezkoetan, berriz, Ana San Martin izan da lehena, 33 minutu eta 48 segundotan amaitu du proba. Iria Camara bigarrenak, 35 minutu eta 26 segundoko denbora egin du, eta Oiane Aldai hirugarrena Camararengandik hamar segundora sailkatu da.
350 igerilarik parte hartu dute proban, eta horietatik 308 igerilarik burutu dute zeharkaldia.
Iazko proban Marco Rivera eta Uxue Valero izan ziren podiumaren gorenera igo ziren igerilariak.