
Alderdi popularrak egindako
eskaera ez dute onartu Bizkaiko Batzar Nagusiek; beraz, ez dute Espainiako errege Felipe VIa Gernikara gonbidatuko. Popularrek ez dute babesik lortu. EAJk, EH Bilduk eta Podemosek kontra bozkatu dute eta PSE-EE abstenitu egin da.
PPren bozeramaie Javier Ruizek esan duenez, “Espainiako erregea Gernikara joatea egokia da, sistema politiko eta instituzionala eta Euskadiko Kontzertu Ekonomikoa babesten lagunduko lukeelako”. Gaineratu du, lehendakariak egin beharko liokeela gonbidapena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari nagusia delako. EAJk esan du Gernikako Batzar Etxea pertsona denentzako dagoela zabalik; beraz, erregeak berak nahi duenean joan daitekeela Gernikara. Eta baliatu du momentua oraindik transferitu gabe dauden eskumenak eskatzeko.
EH Bilduk, bere aldetik, gogora ekarri du Espainiako monarkiak “Euskal Herriari dagozkion eskubide instituzionalen ukazioa” sinbolizatzen duela. “Euskal Herriko errealitatetik kanpo dagoen erakundea da monarkia eta ez du babes demokratikorik hautestontzietan”, gaineratu du.
PSE-EEk interes alderdikoiak ikusten ditu popularren ekimenaren atzean, eta Podemosek esan du Espainiako erregea ez dela ongietorria, “diktadura batetik ezarritako monarkia batek zilegitasunik ez duelako”.