Espainiako erregea Gernikara gonbidatzeko eskatu du PPk
Iñigo Urkullu lehendakariari egin dio eskaera alderdi popularrak; dioenez, normalizazio politikoaren seinale litzateke. Batzar Nagusien erabakia onartuko du aldundiakEspainiako errege Felipe VI.a Gernikako Batzar Etxea bisitatzera gonbidatzeko proposa...
Iñigo Urkullu lehendakariari egin dio eskaera alderdi popularrak; dioenez, normalizazio politikoaren seinale litzateke. Batzar Nagusien erabakia onartuko du aldundiak
Espainiako errege Felipe VI.a Gernikako Batzar Etxea bisitatzera gonbidatzeko proposamena egin du PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan. Eskaera horren inguruan berba egin zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile Elena Unzuetak.Proposamenaren berri komunikabideen bitartez izan duela esan zuen Unzuetak, eta dagokion tramitazioa bete beharko duela.
Dena den, esan du, Bizkaiko Batzar Nagusiek hartzen duten erabakia errespetatuko duela Bizkaiko Foru Aldundiak.
Zehazki, Alderdi Popularrak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio Espainiako erregea Gernikako Batzar Etxera gonbidatu dezala.
Normalizazioaren seinale
Bizkaiko Alderdi Popularraren idazkari orokor Javier Ruizek esan legez, Espainiako erregearen presentziak «normalizazio politikoaren eta elkarbizitza demokratikoaren» itxura emango luke.
«Erregea Gernikara etortzea nahi dugu tradizioa izan delako agintari ezberdinek foruak zin egitea. Horrez gain, gure oraina berresteko eta gure etorkizunagaz eta marko juridiko politikoagaz konpromisoa adierazteko modua ere bada. Ezinbestekoa da hainbeste desio dugun normalizazio politikoa lortzeko pausoak ematea».
Dena dela, proposamen hori Euzko Alderdi Jeltzalearen borondatearen menpe dagoela esan du alderdi popularraren idazkari orokorrak.
Bisita bai, gonbidatu ez
Felipe VI.a erregeak Gernika bisitatzeko aukerari buruzko eztabaida egon zen iaz ere. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak 2014ko ekainean esan zuenez, Jaurlaritzak begi onez ikusiko zukeen Felipe VI.aren bisita Espainiako erregearen izendapena hartu ostean.
Hala ere, argitu zuen ez lukeela gonbidatuko.