Urko Garcia portugaletetarra
Aurten denboraldi ikusgarria egin du Busturia Futbol Taldeak. Bigarren Mailako talde hoberenaren garaikurra irabazi du, gol gutxien jasota eta gol gehien sartuta. Liga irabaztea, baina, ez da lan erraza izan, Gernika Sporting bigarren sailkatuak be denboraldi aparta egin baitu. Hain zuzen, 68na puntugaz amaitu dute liga Busturialdeko bi talde horiek, eta bi jardunaldiren faltan, gernikarrek bost puntuko errenta zuten. Garaikurra bere taldeak irabazita, Urko Garcia (Portugalete, 1977) entrenatzailea pozik agertu da lortutakoagaz.
Denboradi ikusgarria egin duzue. Pozik al zaudete lortutakoagaz?
Oso pozik gaude taldekide guztiok. Denboraldi hasieran sailkapenaren goikaldean egon gintezkeela uste genuen, baina Liga irabaztea ez zegoen gure pentsamenduetan. Gernika Sportingek be talde oso sendoa egin zuen, eta azken partidara arte liga irabazteko borrokan egon gara bi taldeak.
Zein zen Busturia Futbol Taldearen helburua denboraldi hasieran?
Liga hasieran mailaz igotzea zen helburu nagusia. Beraz, ezusteko bat izan da B multzoko lehen postuan sailkatzea eta Bizkaiko Bigarren Mailako garaikurra irabaztea. Gernika Sportingek huts egin zuen azken jardunaldietan, eta Liga irabaztea guk lortu dugu.
Azken jardunaldian aurreratu zenuten Gernika Sporting. Azken partida hori jokatu aurretik baikortasuna ala ezkortasuna zen nagusi taldean?
Taldekideen erdiak Liga lehen postuan amaitu genezakeela uste zuen, eta beste erdia ezkorra zen. Ni taldearen alde baikorrean nengoen. Izan be, Lekeitiok hil ala biziko partida jokatu behar zuen Gernika Sportingen kontra. Galduz gero, mailaz jaitsiko litzateke Lekeitio, eta, horrenbestez, Liga irabazteko esperantza txiki bat geneukan.
Busturiak eta Gernika Sportingek 68na puntugaz amaitu duzue Liga. Zein izan da lehen postua lortzeko gakoa?
Defentsako lana. Maila hauetan gutxi lantzen da defentsa, baina atzealdeko sendotasuna ezinbestekoa izan da irabazteko. Konpromiso handia erakutsi dute jokalari guztiek, eta, oker ez banabil, gol gutxien jaso duen taldea izan gara, lurralde mailako Liga guztiak kontuan hartuz gero.
Defentsan ondo, baina erasoan be ez zarete hankamotz ibili.
Erasoan be ondo moldatu gara, eta, Bigarren Mailako bi multzoak kontuan hartuz gero, gol gehien sartu duen taldea izan gara. Halanda be, defentsako lana garrantzitsuagoa izan dela deritzot; defentsak emon digu garaipena.
Talde ona zeneukatela esan duzu. Liga irabaztea erraza izan da?
Ez, Gernika Spontingegaz lehia estua izan baitugu. Bi jardunaldiren faltan, esaterako, gernikarrek bost puntuko errenta zeukaten.
Gernika Sportingegaz izandako lehia estu hori zelan bizi izan duzue?
Ni Portugaletekoa naiz, eta apur bat aparte egon naiz bi taldeen arteko norgehiagokan. Halanda be, lehia osasuntsua izan dela esango nuke. Gernika Sportingek be denboraldi edarra egin du, eta, beraz, taldekideak zoriondu beharrean nago.
Liga irabazita, Txapeldunen Kopa jokatu zenuten Zazpi Landaren kontra. Zelan bizi izan zenituzten denboraldiko azken partidak?
Itxas Adarreko partida bana berdindu genuen. Lehen zati ona egin genuen, baina bigarrena txarra izan zen. Zorrozan jokatutako partida, bestalde, oso desbardina izan zen. Denboraldi guztian zehar etxetik kanpo jokatutako partida hoberena izan delakoan nago. Zazpi Landa baino talde hobea garela deritzot, eta merezita irabazi genuen. Busturian emaitza txarra lortu arren, bagenekien Zorrozatik garaipenagaz buelta gintezkeela.
Zelan bizi izan duzu 2012-2013 denboraldia entrenatzaile postutik?
Aspaldian ez dut horrenbeste gozatu futbol talde bat entrenatzen. Jokalariek konpromiso oso handia erakutsi dute, eta asko bete nau horrek. Euria eta hotza heltzean jokalari gutxi doaz entrenamenduetara, baina Busturian ez da horrela gertatu. Horregatik guztiagatik, jokalariak zoriondu gura ditut.
Zein izango da helburua 2013-2014 denboraldiari begira?
Alde baikorrean nago ni, beti bezala. Aurtengo denboraldian oso garrantzitsuak izan diren jokalariek taldean jarraitzeko asmoa agertu dute. Hala, sailkapenaren goikaldean egon gaitezkeela deritzot.