Gaur turista zeu zara turismo kanpaina barria abiarazi du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak. Gernikarrei zuzendutako ekimena dela adierazi dute, «bere herriko turismo baliabideak, ostalaritza establezimenduak eta ostatuak hobeto ezagutzea» du helburu.
Bihar abiaraziko den kanpaina barri horretan, kultura eta gastronomia uztartu dituzte herria ondo ezagutzeko interesa duten gernikar guztiak erakartzeko asmoz. Begoña Landa turismo zinegotziak adierazi legez, «gure turismo baliabideetatik, jatetxeetatik, tabernetatik eta ostatuetatik abiatuta gernikarrek beraien herria hobeto ezagutzea gura dugu». Aipatu duenez, herritarrak izango dira «aholku emoileak, turismo gidariak eta turismoaren sustatzaile eraginkorrak.
Bihar bertan herriko sei jatetxetan dastatzeko menuak eskainiko dituzte 12 eurotan. Zimela, Gernika, Sakone, Bengo Etxe, Boliña Hotela eta Zallo Barri jatetxeak izango dira horretan parte hartuko dutenak. Jakinarazi dutenez, eskaintza hori urte guztiko barikuetara zabaltzeko asmoa dute.
Bestalde, bihartik domekara bitartean bisita gidatuak egingo dituzte, dohainik. Horietan, Batzar Etxeaz gain, Urdaibaiko txakolinaren eta gaztaren azoka berezia, Euskal Herria Museoa, Bakearen Museoa eta aire-erasoetarako babeslekua bisitatuko dituzte. Gainera, Iparragirre Rock jaialdira sartzeko aukera be izango dute.
Ondoren, ekainaren 3tik 7ra herriko ostatuetatik ibilbide gidatuak be egingo dituzte. Jardueretan parte hartzen duten guztien artean Boliña Hotelean asteburupasa bat zozkatuko dute.
Azkenik, Gernika-Lumoko argazkirik onena egiten duena be sarituko dute. Turismo@gernika-lumo.net helbide elektronikora bidali beharko dira argazkiak. Irabazleak dastatzeko menu bat hartuko du opari.