Salbuespenak salbuespen, jarraipen zabala izan zuen atzoko greba orokorrak Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Hori dela eta, sindikatuak «pozik» agertu ziren. Atzoko egunari erreparatuta, «balorazio oso positiboa» egin zuten, argi utziz borroka ez dela bukatu eta aurrerantzean be lanean jarraituko dutela.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LABeko arduradun Aitziber Barandikaren esanetan, «bost herri nagusienak itxita» egon ziren (Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemein). Arazorik handienak merkataritza arloko kateekin izan zirela azaldu zuen, haien jarrera salatuz: «Horietan lanean ari diren langileek egoera prekarioan egiten dute behar, eta ez dute grebarako eskubide eraginkorrik».
Industriaguneak, orokorrean, itxita egon ziren, «enpresa handi batzuk zabalduta egon arren». Kooperatiben jarreragaz «harrituta» daudela esan zuen Barandikak: «Euskal kooperatibismoa elkartasunean oinarrituta sortu zen, euskal langileentzako beste eredu bat bultzatu nahian, eta orain badirudi sorrerako filosofia guztiz ahaztu dutela. Oinarriak ahaztu dituzte, eta neoliberalismo hutsean barneratuta daude».
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ELAko arduradun Gotzon Basarasek be «balorazio positiboa» egin zuen. «Ia guztia itxita» egon zela azaldu zuen. «Batzuek gutxieneko zerbitzuak betetzen ari zirela esan digute, baina gehiago be egin dute», adierazi zuen ELAko kideak. Basarasen arabera, aurreko greban enpresa gehiagok itxi zuten; «batez be, industrian». Kalera ateratzeko «arrazoiak soberan» daudela esan zuen, eta, horregatik, aurrerantzean be borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi zuen.
Piketea, goizean goizetik
Pikete taldea goizean goiz bildu zen Gernika-Lumon, eta izan zen taldea igarotzerakoan pertsiana jaitsi zuenik; banketxe baten sukurtsal bat eta supermerkatu bat, adibidez. Fernando Abaunza kaleko supermerkatu bat be zabalik zegoen lehen orduan, baina goizeko manifestazioa heltzean, pertsiana bajatu zuten. Enpresa «ia guztiak» zeuden zarratuta, eta komertzioei eta tabernei dagokionez,supermerkatu bi, Batzokia eta taberna bat zeuden zabalik, besteak beste. Banketxeren bat be zabalik egon zen.
Bermeon be grebagaz bat egin zuten askok eta askok; sindikatuen arabera, aurreko grebetan baino behargin gutxiago joan ziren lanera. Okindegi guztiak, adibidez, zarratuta zeuden herri horretan. Halanda be, kontserba enpresetan lanean aritu ziren, langile batzuek greba egin arren, produkzioa ez baitzuten geratu. Zenbait supermerkatuk be zabaltzeko asmoa eduki arren, pertsiana itxi zuten, baten batek izan ezik. Ajangizko Maier Kooperatiban, azkenik, lanean egon ziren.
Administrazioan, udal batzutan normaltasunez aritu ziren, beste batzutan zerbitzu minimoak bete zituzten eta beste batzuk itxita egon ziren.
«Ia erabateko babesa»
Lea-Artibain be jarraipena zabala izan zen; saltoki eta tabernek ez zuten aterik zabaldu. LABeko industria arduradun Jon Iñaki Alkortak «oro har, balorazio oso ona» egin zuen. Irakaskuntzan, udaletan eta komertzio zein ostalaritzan grebak «ia erabateko babesa» jaso zuela azaldu zuen Alkortak. «Industria pribatuan grebaren jarraipena %85-90ekoa izan da; komertzioan, %100koa; eta irakaskuntzan eta administrazioan ia erabatekoa». Ondarroako portua be geldi egon zen, «aktibitate ekonomiko barik». Dena den, kooperatibetan hutsunea egon zela aitortu zuen: «Sindikatuek ez dugu eraginik kooperatibetan, eta hori igarri egiten da».
Ondarroan, kontserba enpresa bakarra egon zen lanean. Pikete taldea irekita zegoen lantegira joan zen, baina langileek lanean jarraitzea erabaki zuten. Lanbideren bulegoa be zabalik egon zen, baina gainontzeko guztia itxita zegoen.
Industriaguneei dagokienez, Markina-Xemeingo Kareaga industriagunean oso jende gutxi egon zen lanean, eta Etxebarriko Galarzan, enpresa batek edo bestek izan ezik, gainerakoek greba egin zuten. Berriatuan, hiru-lau enpresetan aritu ziren beharrean, baina gainerako guztia geldituta zegoen. Mutrikun be ia guztia itxita egon zen. Udaletxean be hiru-lau langile aritu ziren beharrean, LABen esanetan; atea, gainera, itxita mantendu zuten.
Mobilizazioak han eta hemen
Lana eteteko ez ezik, kalera ateratzeko be baliatu zuten Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunek atzoko eguna; hala, mobilizazioak egin zituzten goizean zein arratsaldean, leku batean zein bestean.
Besteak beste, Gernika-Lumon (goizean, 150 bat lagun manifestazioan; arratsaldean, 300 lagun manifestazioan), Bermeon (goizean 60 bat lagun manifestazioan; arratsaldean, 100), Markina-Xemeinen (goizean, 70 bat lagun elkarretaratzean), Lekeition (goizean, 100 bat lagun giza-katean), Ondarroan (goizean, 70 bat lagun manifestazioan), Mutrikun (goizean, 70 bat lagun manifestazioan) eta Aulestin egin zituzten mobilizazioak. Busturian be, grebagaz bat egin, eta kotxe karabana egin zuten goizean, San Kristobal auzotik hasita.
Enpresen atxikimenduakKomiteak
Salica
Wartsila Iberica
Rinder
Bermeoko Udala
Gernika-Lumoko Udala
Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatua
Hijos de Serrats
Delegatuak
Talleres de Guernica
T. Odim
TMA
Zallo
Burnigai
Gernika Garbiketak
Gaurko greba orokorrera deitu duten sindikatu eta gizarte eragileen ustez, mobilizatzeko garaia da, agintari ekonomiko eta politikoek hartu duten bidea iraultzeko sasoia. Egungo krisi ekonomikoa gainditzen deneko ereduaren norabidea orain zehaztuko dela ohartarazi du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak: “Etorkizuneko eredu soziala nolakoa izango den dago jokoan”. Neoliberalismoaren bidetik hartzen ari diren neurrien aurrean “aktibatu” beharra aldarrikatu du. “Herritarrok aldaketa prozesu bat bultzatu eta burura eramateko gai bagara, asko dugu irabazteko”.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, neoliberalismoak herritarrei bidaltzen dizkien “desesperazio mezuei” aurre egiteko garaia da. Eskubide eta politika sozialen murrizketa gehiago etorriko direla iragarri du Muñozek, baina bide hori aldatzea posible dela adierazi du.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.