Zapatuan egingo dituzte eskolarteko olinpiadak, Talan
Bermeoko sei eta hamabi urte bitarteko umeek eskolarteko olinpiadetan parte hartzeko aukera izango dute zapatuan. Taraska Atletismo Taldeak eta udalaren Kirol Patronatuak antolatutako kirol jarduera da eta aurtengoa bederatzigarren urtea da.
Aurten be Talan batuko dira kirolari gazteak. 10:00etatik 12:00etara hainbat kirol probatzeko aukera izango dute. Kirol horiek egiteko lau gune antolatuko dituzte ohi legez, bakoitzean kirol bat egingo dutelarik. Lehenengo gunea jaurtiketak egiteko izango da eta LH 1 eta 2ko haurrek parte hartuko dute. Bigarrenean, LH3 eta 4ko umeek altuera jauziak egingo dituzte, eta hirugarrenean, barriz, LH5 eta 6ko ikasleek luzera jauziak egiten ibiliko dira. Laugarren guneak hartuko duen kross lasterketan, aldiz, ume guztiek parte hartu ahalko dute. Adinaren arabera, metro kopuru desbardineko ibilbideak egingo dituzte.
Aurreko urteetan egin moduan, parte hartu gura duten ikasleek ikastetxeetan emon beharko dute izena. Hain zuzen, sei eta hamabi urte bitarteko umeek parte har dezakete.
Olinpiadak amaitzean, bestalde, ume guztiek domina, kamiseta eta ur botila bana jasoko dituztela adierazi dute.