Lurjausiak sortutako kalteak konpontzen dabil Portu Zuzendaritza, Eako portuan
Joan den urtarrilaren 27ko euriteen ondorioz gertatutako lurjausiek sortutako kalteak konpontzen dabil Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza egunotan. Astelehenean hasi ziztuzten beharrak Eako portuan, eta hilabeteren buruan lanak bukatuta izatea aurreikusten dute.
Urtarrilean eroritako harri handiak kendu zituzten apirilean eta mendi magala nola egongortu zitekeen aztertzen aritu zen Portu Zuzendaritza. Orain, azterketak azterketa, badute konponbidea: beraz, hilabeteren buruan, herritarrek Eako mollatik igaro ahal izatea da asmoa. Dena den, epe hori eguraldiaren araberakoa izango dela azaldu du Juan Luis Landazabal Eako alkateak.
Hala, epe horren barruan, hainbat lan burutuko ditu Portu Zuzendaritzak mendi magala egonkortzeko asmoz: hala nola, lehenengo, horma garbituko dute; gero, haitzak bata bestearengandik lotuko dituzte laztabinen eta burdinen bitartez, eta, bukatzeko, sare metalikoa jarriko dute.
Makineria pasatzeko arazoak
Hasi dira bertan lanean beharginak, eta dagoeneko, arazoren bat edo beste izan dutela azaldu du alkateak. Landazabalen arabera, makineria lurjausia izan zen tokira eroateko zailtasunak izan dituzte; dena den, horri aurre egingo diotela badaki alkateak.
Lan horiek guztia bukatuta, uda sasoian herrian izaten diren ehunka eta ehunka lagunek, Eako mollatik pasatzeko aukera izango dute.