ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Jabier Gartzia gernikarra Boroa Jatetxeko sukaldariburua da. Duela gutxi, gastronomiaren Euskadi sarietako bat jaso zuen. Michelin izarragaz batera, bertoko herritarrak jaso duen sari garrantzitsuena da. Sukaldari gernikarrak azaldu duenez, “eguneroko lan gogorra da arrakastaren gakoa”.
Zer suposatzen du zuretzat Gastronomiaen Euskadi saria jasotzea?
Niretzat eta Boroako lantalde guztiarentzat lanean jarraitzeko beste pizgarri bat da sari hau jasotzea. Bide egokitik goazela erakusten du sariak. Hala, bertoko gastronomia berritzen jarraituko dugu aurrerantzean be.
Saria jasotzea espero zenuen?
Ez genuen espero, egia esan. Michelin izarragaz gertatu bezala, ezusteko bat izan da. Lan gogorra egiten gabiltza, eta egindako esfortsuagatik saria jasotzea ederra da guretzat.
Zein da zure sekretua hainbeste sari jasotzeko?
Eguneroko lan gogorra da sekretua. Lan egin ezean, ez genuke saririk jasoko. Hala, egunetik egunera hobetzen saiatzen gara. Bizkaiko gastronomia oinarritzat hartuta, produktu berritzaileak eskaintzeko ahalegina egiten dugu Boroan. Euskal zaporearen aldeko jarrera izatea da, gure ikurretako bat. Begiak zarratuta Euskal Herrian dagoela sentitu behar du bezeroak. Hori egiten saiatzen gara, eta badirudi lortu dugula.
Orain arte jaso duzun sari garrantzitsuena da?
Michelin izarragaz batera, jatetxeak jaso duen sari garrantzitsuena da. Bigarren mailako sariak eta aipamen bereziak be jaso ditugu, baina ez horren garrantzitsuak.