Plan Estrategikoaren prozesuan parte hartzeko deia egin dute
Gernika-Lumoko EBPN berria (Euskararen normalizaziorako Plan Estrategikoa 2014-2017) moldatzeko partaidetza prozesua martxan da herrian; martitzenean, esaterako, hirugarren dinamizazio saioa egin zuten, baina bukatzeko astirik ez zutela izan eta, datorren martitzenean bilduko dira barriro hasitakoari jarraipena emoteko.
Hain zuzen, Plan barriak izango dituen hamar esparruetako ekintzak zehazteko hausnarketa egin zuten martitzenean; orain, prozesuaren azken txanpa honetan, datorren martitzeneko saioan parte hartzera gonbidatu gura dituzte herriko eragile eta bizilagunak. Martitzenean, beraz, 18:30ean batuko dira, horretarako, Bakearen Museoko alboko geletan.
Halaber, Euskara Batzordera etorri ezin izango dutenek aukera izango dute Plan Estrategiko berria moldatzeko prozesuan parte hartzeko; hain zuzen, www.gernika-lumo-euskaraz.com webgunean Zure iritzia atalean egin ahal izango ditu nork bere ekarpenak. Horrez gain, euskerateknikaria@gernika-lumo.net helbidera bidezko fitxak beteta bidaltzeko aukera be izango da.
Euskara Batzordekoen ustez, «partaidetza bizia eta aberatsa, ekarpenez beterikoa» izaten ari da plan barria moldatzeko prozesua.