Errezeta elektronikoari buruzko hitzaldia emongo dute bihar
Gautegiz Arteagako Udalak errezeta elektronikoaren sistemaren gaineko hitzaldia antolatu du; izan be, sistema barri hori herrian aurki ezartzea aurreikusten dute. Hala, sistema barri horren onurak ezagutzeko aukera izango dute bihar 19:00etan Gautegiz Arteagako Aretxederreta Kultur Etxean biltzen direnek. Bertan, besteak beste, zerbitzuaren gaineko onuren informazioa eskuratu eta osasun sarean duen aplikazioa ezagutu ahal izango dute.
Udalak azaldu du errezeta elektronikoak hainbat onura ekarriko dizkiola herritarrari; esaterako, hemendik aurrera, gaixoak ez du medikuarenean hitzordua eskatu beharko ohiko errezetak eskatzeko. Izan be, informazio sistema horrek automatizatuko baitutu identifikazio, preskripzio, kontrol eta botikak emotearen prozesuak. Hartara, osasun txartela aurkeztea besterik ez da behar izango, botikak farmazian hartu ahal izateko, osasun zentrora errezeten bila joan barik.
Hitzaldia herritar guztiei zabalik dagoen arren, batez be, nagusiei eta gaixo kronikoa dutenei zuzenduta dagoela azaldu du udalak.