Segurtasun sailak jakinarazi duenez, 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak gaur goizaldean Gernika-Lumon, genero indarkeria egotzita. Iturri beraren arabera, herriko pub batean gertatu da erasoa 01:50 inguruan. Ustez, gizonezkoak emakumea erasotu du bertan. Ertzainek jakitera emon dutenez, atxilotuta dago ustezko erasotzailea, eta datozen orduetan epailearen aurrera eroango dute.
Urteko lehen erasoa salatzeko egin zuten elkarretaratzea, Gernika-Lumon
Gaur gaurkoz, 2013an Buturialdean ustez jazotzen den bigarren erasoa da gaur salatutakoa. Gogoratu urtarrilaren 1ean be, Ertzaintzak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuela, Iparragirre kalean emakume bat erasotu ostean. Erzaintzak jakinarazi zuenez, emakumea leku aldendu batera eramaten ahalegindu zen gizonezkoa, gorputzeko zenbait ataletan ukituak egiten zizkion bitartean. Neska bortxatzeko ahaleginean, arropak apurtzea lortu zuen atxilotuak.
Ertzaintzaren arabera, neskaren lagun bik lortu zuten bortxaketa geratzea. Antza danez, emakumea baino apur bat aurrerago zihoazen oihuak entzun zituztenean. Oihuak entzundakoan emakumea laguntzera joan ziren, eta Ertzaintza bertaratu arte aurre egin zioten atxilotuari.
Gernika-Lumoko emakume horrek urteberri egunean pairatutako erasoa salatu eta «azkena» izan dadila aldarrikatu zuten herritarrek, orduko hartan. Hala,
Emakumeonganako tratu duinaren alde! lelopean, 300 bat lagun bildu ziren horretarako. Muxikan be salatu zuten erasoa 30 lagun baino gehiagok,
Bortxatzaileak sutera! lelopean egindako elkarretaratzeagaz bat eginda.