‘Bertoko berbak’ gal ez daitezen kanpaina egiten ari dira Muruetan
Muruetako eta, ondorioz Busturialdeko euskarak dituen «zenbait berba jator» gal ez daitezen, Muruetako Udalak bigarren urtez abiarazi du Bertoko Berbak kanpaina. Horren bitartez, Muruetako alkate Jabier Ondarzak adierazi legez, «egun galtzeko zorian dauden zenbai hitz gogora ekarri eta eguneroko erabilerarako …
Muruetako eta, ondorioz Busturialdeko euskarak dituen «zenbait berba jator» gal ez daitezen, Muruetako Udalak bigarren urtez abiarazi du Bertoko Berbak kanpaina. Horren bitartez, Muruetako alkate Jabier Ondarzak adierazi legez, «egun galtzeko zorian dauden zenbai hitz gogora ekarri eta eguneroko erabilerarako berreskuratzeko helburua du kanpainak».
Iazko gabon jaietan hasi zuen kanpaina hori Muruetako Udalak, «galtzear dauden berbak indartzeko eta berreskuratzeko». Berreskuratze prozesu hori «apurka-apurka» ein gura dutela dio Ondarzak, gainera, «giro atseginean landu gura dugu gai hori».
Joko baten bitartez
Galtzear dauden berba horiek gogora ekarri asmoz, Muruetako Udalak joko bat antolatu du bigarrenez. Horrela, beste behin be, 40 berbako zerrenda bat argitaratu dute; alde batetik hitzak daude, eta bestetik, horien esanahiak. Parte hartzaileek hitzak eta horien esanahiak lotu beharko dituzte. Zerrenda orriak eta baita be, bilketarako ontzia Bixer herriko tabernan daudela jakinarazi du alkateak. Igarten dutenen artean bi lagunentzako afaria zozkatuko dute urtarrilaren 6an.
Bertoko Berbak kanpaina Muruetako biztanleei ez ezik, Busturialdeko eta, orokorrean, euskalzaleei zuzenduta dagoela azaldu du Ondarzak. Abenduaren 31 izango da hitzak eta horien esanahiak zuzen lotzeko eta Bixer herriko tabernan dagoen bilketa ontzira botatzeko azken eguna.