713. 172 euroko mailegua eskatu du Errigoitiko Udalak, BFAren aldeko txostenagaz
Errigoitiko alkate Iñaki Madariagak azaldu duenez, udalak 713.171,95 euroko mailegua eskatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldeko txosten jurikoagaz; izan be, Madariagaren arabera, «diru sarrera batzuk jaso behar zituen Errigoitiko Udalak eta momentuz, diru hori ez denez sartu, ordaindu ezin izan …
Errigoitiko alkate Iñaki Madariagak azaldu duenez, udalak 713.171,95 euroko mailegua eskatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldeko txosten jurikoagaz; izan be, Madariagaren arabera, «diru sarrera batzuk jaso behar zituen Errigoitiko Udalak eta momentuz, diru hori ez denez sartu, ordaindu ezin izan diren faktura batzuk ditu».
Bildu Errigoitik, bere aldetik, «herriko egoera ekonomiko larria eragitea eta 10 urterako zor berria sortzea» leporatu dio EAJri. Era berean, azaroak 29ko osoko bilkurak –EAJkoen botoekin– erreskate-plana onartu zuela jakinarazi du. Dena den, Madariagak ezeztatu egin du Bildukoek adierazitakoa: «ez da inolako erreskaterik egon, eta berba hori ez da inon ageri» , argudiatuta. «Errigoitiko Udala ez dago egoera ekonomiko larrian, nahiago nuke Euskal Herriko beste hainbat herri Errigoiti dagoen moduan egotea», baieztatu du.
«Eskatutako mailegua gastu arrunt bat da, eta gainontzeko maileguak bezala ordainduko dugu; azken finean, epe laburrera begirako operazioa da», esan du alkateak. Hain zuzen be, 10 urtetan ordaintzeko mailegua da, baina urte biren baitan ordaintzeko asmoa du Errigoitiko Udalak.
Maileguaren ondorioak
Mailegu horrek zerbitzuen murrizketan, eta tasa eta zergen igoeran ondorioak izango dituela uste du Bilduk. Hala, jaietako, kultura eta kirol jardueretan, elkarteentzako laguntzetan eta bideen konponketako eta hirigintzako gastuetan murrizketak izango direla dio Bilduk.
Bestalde, Errigoitiko udal politika berkalifikazioan eta espekulazioan oinarrituta egon dela salatu du Bilduk. Modu horretan, erabiltzen ez diren lokalak egin dituztela salatu dute; hala nola, gazte lekua, Uriko taberna, Olabarriko eskolak… «Sekula egingo ez den industriagune baterako» sarbidea be egin izana kritikatu du.
Horregatik, «17 urtetan gehiengo absolutuagaz egon direnak administrazio mailan zein maila juridikoan erantzun dezaten» eskatu dute Bildukoek.