Osasun sailburu izandako Gabriek Inclanek 2007an Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako proiektua bere gain hartzeko eskatu dio Busturialdeko Bilduk Eusko Jaurlaritzari; alegia, Gernika-Lumoko Bereizmen Handiko Zentroan etxeko ospitalaratze-zerbitzuaz eta larrialdi zerbitzuaz gain, 70 ohe jartzea eskatu dio.

Busturialdeko Bilduk jakinarazi duenez, aurtengo martxoan, Rafael Bengoa osasun sailburuari eskutitz bat bidali zioten eskualdeko zinegotzi eta alkateek, non alde bien arteko bilera bat egiteko eskaera egin zioten. Salatu dutenez, geroztik, zortzi hilabete igaro dira eta oraindik ez dute inolako erantzunik jaso.
Busturialdeko Bilduren arabera, beti aurkeztu izan dute zentro aitzindari eta berri moduan, «eskualdeak lehen zituen zerbitzueu beste barri batzuk gehituko zitzaizkiola proiektu horrekin esaten zuten». Baina, orain, Bilduk adierazi duenez, «antza, kendu egingo dituzte Gernika-Lumon, Bermeon eta Lekeition dauden Etengabeko Arreta Guneak».
Hori horrela, hainbat gauza exijitu gura ditu Bilduk: batetik, Bengoa osasun sailburuaru bilera eskabideari buruzko erantzuna emotea eskatzen diote; bestetik, hasieran planteatu ziren zerbitzu guztiekin zentroa zabaltzea eskatzen dute; gainera, ez dute gura zentroaren irekiera egun dauden zerbitzuen kalterako izatea; azkenik, zentroko hizkuntza ofiziala euskara izatea exijitzen du Bilduk.
Zerbitzu guztiekin osatutako ospitalea
Azken finean, zerbitzu guztiekin osatutako ospitalearen alde egiten du Bilduk; izan be, horien ustetan, «eskualdeko herritarrentzako oso laguntza-maila handikoa izateaz gain, zerbitzu-sektorean, garraioan eta bestelakoetan enplegua sortzen lagunduko lukeen azpiegitura-sarea be bultzatuko luke».
Hori dela eta, Bilduk eskualdeko ospitalea oheekin gura du, «herritarrei arreta hurbiletik eskainiko diena, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen lagunduko duena eta ospitale handietan pilatzen den jendetxa gutxitzen lagunduko duena».