
Goenaga eta Nestor Basterretxea. Bermeotarrak egin du aurtengo kartela
47. Euskal Liburu eta Disko Azoka hartuko du Durangok abenduaren 6tik 9ra bitartean. Urtero legez, Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko hainbat sortzailek euren lan barriak aurkeztuko dituzte azokan. Bertaratzen direnek, gainera, 300 ekitalditik gora izango dituzte aukeran.
Guztira, 411 nobedade dakartza aurtengo azokak: 289 liburu, 65 bideo, 32 aldizkari, zazpi liburu elektroniko eta hamazortzi bestelakoak. Aurten liburuetan izen barri gutxiago aurkituko ditu erosleak; izan be, iaz 313 argitaratu zituzten. Dena den, gainontzeko produktuetan mantendu edo handitu egin da kopurua. Horien artean, Busturialdeko hainbat sortzaile ezagun aurkituko ditu publikoak, liburu barrien edota diskoen barrien artean.
Izaera parte hartzailea
Bestalde, Durangoko Azokak izaera irekia eta parte hartzailea izaten jarraituko du aurten be. Iaz diziplina barriei eskeinitako gune gehiagogaz zabaldu zuten azoka; hain zuzen be, Irudienea (ikus-entzunezkoak), Szenatokia (arte eszenikoak) eta K@bia (teknologia eta adierazpen barriak) guneekin. Aurtengo apustua, gainera, gune horiek indartzea eta finkatzea dela adierazi du Goenagak. Lehenengo aldiz izango da aurten Goenaga azokako zuzendari, Jon Irazabali lekukoa hartuta. Azken urtean egindako lanketagaz “pozik eta gustura” agertu da ondarrutarra. Orain, baina, publikoak nola erantzuten duen ikusi beharko dela dio.
Aurten, bost egunekoa barik lau eguneko egitaraua izango du azokak. Halanda be, egun gutxiago izateak ez du egitaraua murriztuko. Antolatzaileek baieztatu dutenez, «inoiz izan duen egitaraurik zabalena» izango du. 300 ekitaldi baino gehiago izango dira lau egun horietan, gune eta espazio ezberdinetan banatuta.
Publikoa izango da, beste behin, azokako 253 saltokietatik pasatzeko, begiratzeko eta erosteko aukera aprobetxatuko duena azokak iraungo duen lau egun horietan. Aurten, gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, zortzi saltoki barri aurkituko ditu bertaratzen denak.
Horretarako aukera, baina, 10:30etik 20:30era izango du. Azokaren ordutegia izango da hori, baina Ahotsenea guneak, ostera, 22:00ak arte luzatuko du bere eskaintza.
Aurtengo kultura gonbidatua kultura ijitoa izango da, Kale Dor Kayiko elkarteak koordinatuta. Kultur egitarau zabala prestatu dute euren aldetik. Besteak beste, emakume ijitoaren eguba eta berauen aldarria, mahai inguruak, hitzaldiak, erromintxela, fusio ikuskizunak, zuzeneko musika eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte.
Aiert Goenaga: “Lau eguneko egitaraua badu be, oso indartsu dator aurten Durangoko Azoka”

Euskal liburu eta disko azoka hartuko du datorren astean Durangok. Ondarroako Aiert Goenaga azokako zuzendaria prest da urte osoan zehar egindako lanaren emaitzak ikusteko. Durangoko Azokako zure lehenengo urtea izango da zuzendari legez.
Nolako esperientzia bizi izan duzu?
Esperientzia aldetik, oso positiboa izan da urte hau; gauza asko ikasi ditut. Urte gogorra izan da, azken finean, hainbat gauza hartu behar direlako kontuan; horietan lehena, azokak berak daukan pisua. Horrek suposatzen duen ardura dela eta, presio puntu bat izaten da urtean zehar. Dena den, oso pozik eta oso gustura sentitu naiz urte honetan zehar.
Lortutako emaitzekin pozik?
Urtean zehar beti daukazu gauza bat buruan, eta, azkenean, errealitatera moldatu behar izaten duzu. Daukazun baliabideekin, hainbat ideia alde batera utzi behar izaten dituzu, baina, azkenean, oso emaitza onak lortu ditugu; hori da, behintzat, uste duguna. Egindako lanketagaz oso gustura gaude, gero ikusi beharko da jendeak nola erantzuten duen. Egitarau aldetik, esaterako, historian izan dugun azokarik indartsuena izango dugu aurten. Iaz zabaldutako guneak indartzeko apustua egin dugu aurten, eta horrek egitarauaren zabalkundea ekarri du; alegia, kalitate aldetik jauzi bat egotea. Momentu honetan, zazpi gune ditugu, bakoitza egitarau indartsu bategaz, eta hori uste dut publikoak igarriko duela.
Barritasunik ikusi ahalko du publikoak iazkoagaz alderatuta?
Iaz azaldu genuen bezala, gure estrategia guneen zabalkundea da. Orain arte Durangoko Liburu eta Disko Azoka izan gara, eta hala izaten jarraitzen dugu, baina euskarazko sorkuntzak beste hainbat diziplinatan dakarren pisua erakutsi gura dugu, eta bertan barneratu. Hausnarketa horretan, kulturgintza alorreko hainbat lagunek esan ziguten zabalkunde hori behar zuela azokak. Hortik iazko lehenengo apustua: arte eszenikoen gunea jarri genuen; antzerkiekin hasi ginen eta, aurten, bakarrizketetara salto egingo dugu. Bestetik, Irudienea be zabaldu genuen, ikus-entzunezkoen gunea. Bukatzeko, K@bia gunea: euskara, teknologia berriak eta kultura uztartzen dituzten proiektu ezberdinen plaza. Emaitza aldetik oso gustura geratu ginen, jendearen erantzuna oso ona izan zelako, eta aurten, gune bakoitzean, elementu garrantzitsuenak indartu ditugu eta, horregaz batera, egunetan zabaldu ditugu.
Azokatik zerbait nabarmentzekotan, zer nabarmenduko zenuke?
Bere izaera irekiagoa nabarmenduko nuke, non kultur sorkuntzaren kateko agente guztiek alkarregaz edozein momentutan alkarreragin dezaketen. Hau da, sortzaileak, saltzaileak eta publikoa gauza berdinen inguruan ari dira dantzan, harreman mota barriak sortuz, beste esparru askotan lortu ezin diren harremanak. Zuzenekoren bat egiten denean, esaterako, sortzaileak erabaki dezake hamargarren minutuan abestia gelditzea eta publikoagaz berbetan hastea. Publikoak, gainera, aprobetxatu dezake momentu hori galdetzeko. Hau da, beste harreman kanal bat sortzen da, beste lekuetan sortzen ez dena. Harremanok gune ezberdinetara zabaldu gura izan ditugu. Horrez gain, aurten beste pauso bat emon dugu.
Zein pauso emongo duzue aurten?
Euskal Herri mailan dauden programatzaile guztiei gonbidapena egingo diegu azokara etor daitezen; izan be, euskaraz 2013an programatu gura dituzten gauza berri gehienak azokan bertan izango dira. Hala, zorte pixka bategaz, musika talde batek edo beste edozeinek boloren bat edo lotu gura badu be, horretarako aukera izango du bertan.
Aurten egun bat gutxiago izango du Durangoko Azokak.
Bai, hala da. Aurrekontu aldetik, gure zabalkunde estrategia eta azken urteetan izaten ari garen diru sarrerak ez dira bat be bateragarriak. Aurten, gainera, beste murrizketatxo bat izan dugu alde pribatutik, eta ikusten dugu diru gehiago beharko genukeela bost eguneko azoka egin nahiko bagenu. Azokak berak ezagutu ditu lau egunetako edizioak, baita hiru egunekoak be… Argi dugu gehiago gustatuko litzaigukeela bost eguneko azoka antolatzea, baina, behintzat, lau eguneko egitaraua izanda be, oso indartsu dator aurtengoa.
Salmentetan eragina izango al du egun murrizketa horrek?
Ikusi egin beharko da salmentetan eragina ote duen. Aurreikuspenak egiteko goizegi da, ez litzateke erreala izango. Ez dugu uste eragin handirik izan beharko lukeenik horrek, baina ezin dugu jakin.
Bertokoak azokan
- Josu Bergara (Ea): Katiuska Gorriak hirugarren diskoa kaleratu du.
- Gatibu (Gernika-Lumo): Zazpi kantoietan bosgarren diska kaleratu du.
- Sarkor (Gernika-Lumo): Mundu kodifikatuen atzean diska kaleratu du.
- The Uskis (Elantxobe): Tximinotan diskoa eroango du azokara.
- Arrate Egaña (Bermeo): Familia berria, Egia eta Pradisua liburuak kaleratu ditu.
- Oier Goitia (Gernika-Lumo): Fakir xokona liburua kaleratu du.
- Tasio (Gernika-Lumo): Pildoras komiki liburua eta Historia navarra de Euskal Herria liburua kaleratu ditu.
- Andres Urrutia (Ibarrangelu): Latinezko esamolde juridikoak liburua kaleratu du.