Etzi, hilaren 25a, urriko azken asteleheneko gazta enkantean batutako dirua emongo diote Calzada egoitzari. Hain zuzen, Muruetako Kamiñoko jatetxeak 5.700 euroko txekea emongo dio egoitzari. Calzadaren jaialdiko egitarauaren barruan emongo diote dirua. Jai eguna 10:30ean hasiko da txistularien dianagaz, eta ostean, meza emongo dute. Azken astelehenean batutako dirua, bestalde, 12:00etan emongo dute. Bazkaria jan aurretik be, euskal dantza saioa, eta Urdaibai Kantuz Kantu taldearen saioa ikusteko aukera izango dute egoitzara doazenek. Kamiñokoko jabeaz gain, Gernika-Lumoko alkateak eta Calzada egoitzaren arduradunek parte hartuko dute ekitaldian, bestek beste. Ekitaldiak irauten duen bitartean, gainera, pintxoak jateko eta txakolina edateko aukera izango dute bildutakoek. Arratsaldean, bestalde, herriko gazteen literatur lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Jai eguna amaitzeko, Gernika-Lumoko Adinekoen Abesbatzaren saioagaz gozatzeko aukera izango dute bidlutakoek.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea Gangoiti kaleko herritarrekin batuko da, bihar. Hain zuzen, zonaldeko bizilagunen beharrizanak eta eskaerak zeintzuk diren ezagutu gura du udalak. Santanape kiroldegiaren aurrealdean hasiko du bisita, 12:00etan.
Maria Zorrozuak, Irati Etxebarriak eta Maite Izagirrek irabazi dute Gernika-Lumoko Beldur Barik lehiaketa. Eneritz Artetxe aktoreak gidatuta, gaur eguerdian egin dute sari banaketa, jendez gainezka zegoen Elai Alai aretoan. Irabazleek Iñaki Gorroño zinegotziaren eskutik jaso dute 250 eurook saria. Aurten lau bideo aurkeztu dituzte herriko gazteek, eta Artetxek azaldu duenez, epaimahaiari asko kosta zaio irabazle bat aukeratzea. Lan guztiak kalitate handikoak izan direla nabarmendu dute epaileek. Artetxeren berbetan, Beldur Barik lehiaketaren mamia hoberen adierazten duen bideoa izan da Milaka bide berdintasun batera iristeko. Hala, emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren harira antolatutako lehiaketa irabazi dute Gernika-Lumoko BHI institutuko ikasleek. Gizarteak emakumeekiko duen kritikatu du Gernika-Lumoko aktoreak, aurkezpen labur baten. Barby panpin bat eskuan hartuta, emakumeen askatsun falta salatu du, ironia erabiliz.
Azken hilabeteetako lanaren ostean, bosgarren diskoa kaleratuko du Gatibuk aurki. Gaur gaoizean, baina, horren aurrerapentxo batez gozatzeko aukera izan dute gernikarrek; izan be, disko horretako aurrerapen kantaren –Bixotza suten–bideoklipa grabat...