Mursegogaz partekatuko du oholtza Naica taldeak
Naia Mandaluniz gernikarra taldekide duen Naica taldea ikusteko aukera egongo da bihar gauean Bermeoko Kafe Antzokian. Boskotearen musikak ez ezik, Mursegoren freskotasunez beteriko doinuek girotuko dute aretoa, 23:00etatik aurrera. Carlos Noain hondar...
Naia Mandaluniz gernikarra taldekide duen Naica taldea ikusteko aukera egongo da bihar gauean Bermeoko Kafe Antzokian. Boskotearen musikak ez ezik, Mursegoren freskotasunez beteriko doinuek girotuko dute aretoa, 23:00etatik aurrera.
Carlos Noain hondarribitarraren eta Naia Mandaluniz gernikarraren ekimenez New Yorken (AEB) ernatutako proiektua da Naica. Bikotea Euskal Herrira itzultzean, Santi Noain, Mikel Azkona eta Dabid Martinez batu zitzaien, boskote legez hazi eta loratuz taldea. Ibilbide barriari ekinda, aurten kaleratutako Fish Taco (Psilocybina Records, 2012) diskoa aurkeztuko du boskoteak Bermeon. Aurkezpen bira urteagaz batera amaituko dute, eta gaurkoa izango da bira horren baitan formatu elektrikoan emango duten azken kontzertua.
Maite Arroitajauregi dago, bestetik, Mursego (saguzarra portugesez) izenaren atzean. Lisabogaz, Napoka Iriagaz eta Anarigaz jo ondoren, banakako bideari ekin zion. Elektronika, ahotsa, txeloa, ukelelea eta beste hainbat tresna nahasten ditu, ohiko musika ereduetatik aldenduz eta esperimentazioagaz jokatuz.
Agertoki bakar bat eta proposamen bi, beraz, bihar gauerako. Sarrerak 5 euro balioko du eta kafe antzokian, Luma liburudendan, Ospa tabernan (Gernika-Lumo) eta www.kulturalive.com webgunean eros daitezke.