Gernika-Lumoko musikariak ere herrira doaz
http://youtu.be/6MZjMbDjnBo
Datorren domekan, hilak 18, Herrira Noa ekimen kulturalaren lehenengo hitzordua izango da Gernika-Lumon. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazio nazionalaren harira antolatutako lehenengo ekitaldia da domekakoa, eta euskal agertoki musikaleko hainbat lagun ezagun bilduko ditu Jai Alai Pilotalekuak, 18:00tatik aurrera. Bilboko mobilizaziora zein Gernika-Lumoko ekitaldira joateko deialdi berezia egin dute herriko hainbat musikarik eta norbanakok, Kortaturen Sarri, Sarri abestiaren bertsioaren bitartez. Bideoaren aurkezpena barikuan egingo dute, 20:00tatik aurrera, Astran.
Astran grabatu dute deialdiaren bideoa eta, besteak beste, The Riff Truckers taldeko abeslari Osamak, Sarkor taldeko Gentza Madariagak, The Mamma’s Atack taldeko bi kidek, Audienceko Gaizka Insunzak, Dani Asuak eta Iñigo Etxebarrietak parte hartu dute ekoizpenean. Gidoia, grabazioa, errealizazioa eta zuzendaritza, aldiz, Oier Plazaren (ETBko kazetaria eta Astra koordinadorako kidea), Gorka Bilbaoren (Amerikanuak filmaren zuzendaria) eta Hannot Mintegiaren (Audience) eskutik etorri da. Halaber, herriko eta albo herrietako hainbat aurpegi ezagun ageri dira bideoan; hala nola, Onintza Enbeita bertsolaria eta Amaiurreko diputatua, Ander Elortegi bertsolaria, Eneritz Artetxe aktorea, Gernika-Lumoko preso ohiak, senideak, Gaztetxeko kideak, Trinkete Anti-Txokoko kideak, Iparragirre musika elkarteko kideak…
Aurkezpenean, bideoa ikusi ostean, kantaldia eta luntxa be egongo direla aurreratu dute.