Zerga eta tasa gehienek %3,5eko igoera izango dute 2013an Bermeon
Bermeoko Udalak 2013. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu azken osoko bilkuran. Tasa, prezio publikoak eta zerga gehienek KPIren igoera izango dute, hau da, %3,5. Halanda be, zenbait salbuspen daude: supermerkatuek %8 gehiago ordainduko dute sastar-batze zerbitzuagatik eta %5 banketxeek eta atunontziek. Bermibusak be gora egingo du langabetuentzat eta jubilatuentzat izan ezik, 70 zentimo balioko du. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) abstenitu egin zen. Ordenantza fiskalak egiterako orduan «progresibidadean» oinarritu direla azaldu zuen Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «gure irizpidea gehien duenak gehiago ordaintzea izan da. Horrela, udalak zerbitzu publiko guztiak mantendu, eta ahal den neurrian, hobetu ahal izango ditu». Horrela izanik, ordenantza fiskal gehienak KPIren (%3,5) igoerarekin onartu dituzte, beti be, salbuspen batzuekin; izan be, alkatearen ustez, «badaude gaitasun ekonomiko handiagoa duten sektore batzuk eta horiei gehiago eskatu behar zaie». Horregatik, banketxeek eta atuntziek %5 gehiago ordainduko dute saster-batze zerbitzuagatik eta supermerkatuek, barriz, %8ko igoera izango dute. EAJ kritiko EAJko udal taldeak KPIaren igoera «onargarritzat» jo badu be, Bilduk hartutako zenbait erabakirekin kritiko agertu da. Adibidez, sastar-batze zerbitzuan zenbait sektoreri aplikatu dioten igoera «onartezina» dela azaldu dute. «Argi dago sastar gehiago sortzen dutenek, adibidez supermerkatuek, gehiago ordaindu behar dutela zerbitzu honegatik, baina ezin daiteke ahaztu sektore honek jada tasa hau bestelako herritarrek [...]
Bermeoko Udalak 2013. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu azken osoko bilkuran. Tasa, prezio publikoak eta zerga gehienek KPIren igoera izango dute, hau da, %3,5. Halanda be, zenbait salbuspen daude: supermerkatuek %8 gehiago ordainduko dute sastar-batze zerbitzuagatik eta %5 banketxeek eta atunontziek. Bermibusak be gora egingo du langabetuentzat eta jubilatuentzat izan ezik, 70 zentimo balioko du. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) abstenitu egin zen.
Ordenantza fiskalak egiterako orduan «progresibidadean» oinarritu direla azaldu zuen Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «gure irizpidea gehien duenak gehiago ordaintzea izan da. Horrela, udalak zerbitzu publiko guztiak mantendu, eta ahal den neurrian, hobetu ahal izango ditu».
Horrela izanik, ordenantza fiskal gehienak KPIren (%3,5) igoerarekin onartu dituzte, beti be, salbuspen batzuekin; izan be, alkatearen ustez, «badaude gaitasun ekonomiko handiagoa duten sektore batzuk eta horiei gehiago eskatu behar zaie». Horregatik, banketxeek eta atuntziek %5 gehiago ordainduko dute saster-batze zerbitzuagatik eta supermerkatuek, barriz, %8ko igoera izango dute.
EAJ kritiko
EAJko udal taldeak KPIaren igoera «onargarritzat» jo badu be, Bilduk hartutako zenbait erabakirekin kritiko agertu da. Adibidez, sastar-batze zerbitzuan zenbait sektoreri aplikatu dioten igoera «onartezina» dela azaldu dute. «Argi dago sastar gehiago sortzen dutenek, adibidez supermerkatuek, gehiago ordaindu behar dutela zerbitzu honegatik, baina ezin daiteke ahaztu sektore honek jada tasa hau bestelako herritarrek eta sektoreek baino gehiago ordaintzen dutela», adierazi zuten.
Banketxeek eta atunontziek, barriz, «ez dutela apenaz sastarrik sortzen» diote, «baina halanda be, %5eko igoera izango dute». Kontuan izatekoa da, gainera, EAJren arabera, «udalak 2012rako aurrekontuetan enpresa pribatuen patrozinioetatik hainbat milaka euro jaso gura izan dituztela. Neurri horiek aplikatuta nora joko dute dirua eskatzera?», kritikatu dute.
Bermibus zerbitzuak gora
Datorren urtean gora egingo duen beste zerbitzuetako bat Bermibusa izango da. Alkatearen esanetan, «esfortzu bat eskatu behar diegu egoera ekonomiko onean dauden herritarrei, zerbitzu hori mantentzeko; izan be, Bermibusak 100.000 euro inguruko defizita sortzen du urtean». Hori dela eta, jubilatuek eta langabetuek bardina ordaintzen jarraituko badute be (0,50 euro), gainontzeko herritarrek 0,70 euro ordaindu beharko dituzte.
Bilduk hartutako neurri horrekin be kritiko agertu zen EAJ. Herritarrek eskatutako zerbitzua dela gogorarazi zuten EAJko zinegotziek, eta «zerbitzu bat den heinean, defizitarioa izan behar dela» be aipatu zuten. Ikasleekin, ezinduekin eta umeekin zer gertatzen den galdetu zioten Bilduri. Gainera, bi urtetan zerbitzua %250 garestitu dela be gogorarazi zuten. «zerbitzu honen erabiltzailearen profila ezagututa, zenbat gehiago jasotzea aurreikusten du udalak neurri honekin?», galdetu zuten.
Bestalde, beste behin be, familia ugariek jasotzen duten hobarien aurrean, familia bakoitzeko diru sarreren arabera emotea onartu dute. EAJk, aldiz, hobari hori familia ugari guztiei aplikatu beharrekoa dela uste du.
Enpresak zabaltzeko
Establezimendu barriak zabaltzeko tasak bere horretan geldituko dira 2013an, hau da, horiek ez dute KPIren igoera izango. Krisi egoera kontuan hartuta, establezimenduak zabaltzeko araudia aldatu dutela jakinarazi zuen alkateak. Araudi aldaketarekin, zenbait establezimendu irekitzeko, aurretiazko komunikazioa soilik behar izango da eta ez da jarduera lizentziarik behar izango. Horrek, 670 euro inguru aurreztea eragin dezake.
Neurri hori «poztekoa» dela deritzo EAJk, «beharrezkoa da enpresa barrien aldeko apustua egitea udaletik».