
Bilduk kudeatzen duen Busturialdeko Ur Partzuergoaren prezioen politika ezbaian jarri du EAJk, koalizioak industriaren, komertzioaren eta ostalaritzaren lepotik partzuergoa bideragarri egin nahi duela iritzita. Hori dela eta, hausnartzeko eta uraren tasak aldatzeko eskaera egin diote jeltzaleek Bilduri.
Izan be, EAJren arabera, zenbait sektore profesionaletan igoerak «%300a gainditu» du. «Agerian geratu da lehenengo sektorea, ostalaritza, komertzioa eta industria izan direla Bilduk uraren prezioetan ezarritako igoerak kaltetuenak». EAJren iritziz, «irizpide bidegabea» erabili du koalizioak neurria ezartzerakoan. Halaber, gehien kontsumitzen dutenak «zigortzea» ez du begi onez ikusi EAJk.
Jeltzaleen aburuz, koalizioak industriaren, komertzioaren eta ostalaritzaren bizkar egin nahi du bideragarri Busturialdeko Ur Partzuergoa. Haien ustez, alabaina, partzuergoa bideragarri egiteko modu bakarra Bilbao-Bizkaia ur partzuergoan sartzea litzateke. «Modu horretan bermatu egingo litzateke etxebizitzek, komertzioek, industriak eta nekazal sektoreak gainontzeko bizkaitarren kopuru bera ordaintzea; ez gehiago, ez gutxiago».