
Azaroaren 11 baserrietan txarria hiltzeko eguna zen garai batean. Egun handia zen etxe askotan, eta ohitura hark urteek aurrera egin ahala indarra galdu badu be, zenbait lekutan festarako aitzakia legez mantendu egin da sanmartinen harira jarduerak antolatzea. Bermeo, Forua eta Sukarrieta dira horren adibide.
Foruko zaindaria dela eta, sanmartinetarako egitarau zabala prestatu dute Foruan. Bihartik domekara bitartean, tute, igel, mus eta briska txapelketak, herri poteoa, idi probak, dantza saioak… izango dira Busturialdeko herrian. Azken urteetako ohiturari helduz, gainera, karakol txapelketa egingo dute domekan, San Martin egunean. Aurtengoa 33. txapelketa izango da. 14:00etan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek karakol kazolak, eta ordutik kanpo ez dutela kazolarik onartuko zehaztu dute udaletik. Lehenengo bostek izango dute saria.
Zapatuan egingo dituzte idi probak Foruan, eta hiru uztarri neurtuko dira. Arrietako Iturberen eta Madariagaren idien aurka ariko dira Kortezubiko Duñabeitiarenak. Udaletik azaldu dutenez, 1.850 kiloko harria erabiliko dute, eta Jai Batzordeak egingo ditu epaile lanak.
Bermeon be egun handia bihurtu da azken urteetan San Martin, eta azken hamar urteetan egin bezala, aurten be azoka egingo dute Lameran, hamaikagarrenez baserri giroa eroanez itsaso albora. Baserriko beste hainbat produktu bai, baina txerrikiak izango dira nagusi azoka horretan egongo diren hogei saltokietan.
Odolosterik onenak
Baina, salerosketa ez ezik, odoloste txapelketa dakar aurtengoan be domekak, Andeko tabernak udalaren eta BBKren laguntzagaz antolatuta. 24 parte hartzaile izango dira oraingoan, besteak beste, Bermeokoak, Bakiokoak, Mungiakoak, Gernika-Lumokoak eta Loiukoak. Zehaztu dutenez, Kepa Landa sukaldaria izango da epaimahaiaren arduraduna eta zuzendaria. Erabakia hartuta, 13:30ean egingo dute sari banaketa, Andeko tabernaren aurrean. Irabazleak txapela eta garaikurra eroango ditu etxera, eta bigarrenak eta hirugarrenak garaikur bana. Horrez gain, saltoki dotoreenak be saria edukiko du.
Foruaren eta Bermeoren besteko egitaraurik eduki ez arren, Sukarrietako Kanala auzoan be sanmartinen inguruko jarduerak egongo dira. San Martin jaiak ospatuko dituzte Kanala auzoko bizilagunek, domekan. 13:00etan meza egongo da ermitan, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute, Jatetxe jatetxean. Udalak jakinarazi duenez, auzoko erretiratuentzat doakoa izango da San Martin eguneko bazkaria.