Ibon Rodriguez: «Musikazaleak jarrera pasibotik aldentzea izan da liburuaren helburu nagusia»
Kafea eta Galletak ekimenak beste jauzi bat eman du, Kafe aleak liburuaren argitalpenagaz. Gustuko diskoak lagunartean entzuteko 2008an Ibon Rodriguezek (Sestao, 1978) eta Leire Lopezek sortutako proiektutik abiatuta jaio da liburua. Rodriguezek azaldu duenez, musikazaleei emon gura diote berba argitalpenagaz, musikazaleak jarrera pasibotik aldenduz. Liburuak dituen 280 orrialdeetan 121 musikazale, kulturgile, eragile bildu dituzte; musikaren inguruko jende askotarikoa, musikariak izan ezik. Zer kontatzen du liburuak? Kafe aleak liburuak ez du istorio bat. 121 musikazalek disko bat aukeratzeko eta horri buruz idazteko aukera izan dute. Ez da soilik kritika musikal bat eta, horrenbestez, musikazaleek askatasun osoa izan dute idazterakoan. Hala, testu filosofikoak, olerkiak, ipuinak… idatzi dituzte. Zenbait kasutan, beste gauza batzuetaz berba egiteko aitzakia da diskoa. Zein da liburuaren helburua? Musikazaleak jarrera pasibotik aldentzea izan da helburua. Ikusleek jarrera pasiboa dute kontzertu bat ikusterakoan. Dinamika horretan, ikusleek kontzertua entzuten eta ikusten dute, gero etxera joateko. Kafe aleak liburuan pasibotasunarekin apurtu gura genuen. Modu berean, liburuak disko bati buruz pentsatzen edo sentitzen dutena adierazteko aukera emoten die Kafea Eta Galletak forumeko saioetara doazen pertsonei. Musikariek Kafea eta Galletak-en saioetara datozenean aukeratzen dute entzunaldiko diskoa, baina liburuak musikazaleei emoten die berba. Gehienentzat zerbait publikatzen dioten lehengo aldia da. Nola hasi zineten liburua prestatzen? [...]
Kafea eta Galletak ekimenak beste jauzi bat eman du, Kafe aleak liburuaren argitalpenagaz. Gustuko diskoak lagunartean entzuteko 2008an Ibon Rodriguezek (Sestao, 1978) eta Leire Lopezek sortutako proiektutik abiatuta jaio da liburua. Rodriguezek azaldu duenez, musikazaleei emon gura diote berba argitalpenagaz, musikazaleak jarrera pasibotik aldenduz. Liburuak dituen 280 orrialdeetan 121 musikazale, kulturgile, eragile bildu dituzte; musikaren inguruko jende askotarikoa, musikariak izan ezik.
Zer kontatzen du liburuak?
Kafe aleak liburuak ez du istorio bat. 121 musikazalek disko bat aukeratzeko eta horri buruz idazteko aukera izan dute. Ez da soilik kritika musikal bat eta, horrenbestez, musikazaleek askatasun osoa izan dute idazterakoan. Hala, testu filosofikoak, olerkiak, ipuinak… idatzi dituzte. Zenbait kasutan, beste gauza batzuetaz berba egiteko aitzakia da diskoa.
Zein da liburuaren helburua?
Musikazaleak jarrera pasibotik aldentzea izan da helburua. Ikusleek jarrera pasiboa dute kontzertu bat ikusterakoan. Dinamika horretan, ikusleek kontzertua entzuten eta ikusten dute, gero etxera joateko. Kafe aleak liburuan pasibotasunarekin apurtu gura genuen. Modu berean, liburuak disko bati buruz pentsatzen edo sentitzen dutena adierazteko aukera emoten die Kafea Eta Galletak forumeko saioetara doazen pertsonei. Musikariek Kafea eta Galletak-en saioetara datozenean aukeratzen dute entzunaldiko diskoa, baina liburuak musikazaleei emoten die berba. Gehienentzat zerbait publikatzen dioten lehengo aldia da.
Nola hasi zineten liburua prestatzen?
Zerrenda bat egiten hasi ginen saioetara etortzen den ohiko jendeagaz. Modu berean, musika munduaren inguruan dabiltzan pertsonak be aukeratu genituen: soinu teknikariak, disko saltzaileak, fanzine egileak, disko dendetako jendea, diskoetxe txikietako arduradunak, musika kazetariak… Hala, musika munduaren inguruan bizi diren horiek be disko bati buruz berba egiteko aukera izan dute. Azkenean, 121 musikazaleren idatziak batu ditugu. Musikari bakarra Maite Arroitajauregi –Mursego– da. Saio guztietara etortzen da, eta eskerrak emoteko modu bat izan da.
Idazleez gain, zenbat pertsonak parte hartu dute liburuak argia ikus dezan?
Hiru marrazkilarik parte hartu dute testu bakoitzari diskoaren bertsio marraztua egiteko. Zuzenketa lanetan bi lagun ibili dira, eta maketatzaile batek be lagundu digu. Horiek barik oso zaila litzateke liburua kaleratzea.
121 idazle, eta hainbat lagun forma emoteko. Elkarlana ezinbestekoa izan da ‘Kafe aleak’ kaleratzeko?
Bai. Liburua elkarlanean sortu dugu, baina liburua amaituta be elkarlana oso garrantzitsua izan da. Ekainean laguntzaile kanpaina bat jarri genuen martxan kostuak ordaintzeko, eta liburuak aldez aurretik erosteko aukera emon genuen. Laguntzaileei esker, segurtasun gehiago izan dugu, eta ez dugu dirurik jarri gure poltsikotik.
Zaila izan da 121 pertsonagaz harremanetan jartzea?
Oso erraza izan da jendearen baiezkoa jasotzea. Hasiera batetik prest azaldu dira gehienak, nahiz eta batzuk ez diren ausartu.
Zailena idatziei forma emotea izan da: euskara aldetik zuzen egotea eta estilo bateratu bat emotea liburuari.
Zergatik kaleratu duzue liburua autoekoizpenaren bidetik?
Gure filosofiagaz bat datorrelako. Leire Lopez eta ni neu autoekoizpenaren kulturatik gatoz, eta ez dugu aldatzeko arrazoirik aurkitu. Lan handia da liburu bat autoekoiztea, baina merezi du. Autogestioaren filosofiagaz bat egiteaz gain, bestalde, Copy Left filosofiagaz be egiten dugu bat. Hala, idatzi guztiak jarriko ditugu www.kafeaetagalletak.net helbide elektronikoan, eta lana etxean inprimatzeko aukera izango du mundu guztiak. Egunero idatzi bat sartuko dugu, guztiak barruan egon arte. Liburuko argazkiak be Copy Left-ak dira.
Pozik emaitzagaz?
Bai, bi urteko lanaren ostean, pozgarria da. Liburua irakurri dutenek be ona dela esan dute. Jendea musikaz idazteko beldur da, eta liburuak lotsa uxatzeko balio izatea gustatuko litzaiguke.
Etorkizunean bigarren bat kaleratzea aurreikusten duzue?
Ez dakigu gehiago egongo diren, goizetik baita horretan pentsatzeko. Testu gehiago jasotzea eta bigarren bat kaleratzea tentagarria da, baina, momentuz, lehenengoagaz gozatu gura dugu. Beste liburu bat kaleratuz gero, gainera, desberdina izango litzateke.
Non eros daiteke liburua?
Euskal Herriko zenbait dendatan jarriko dugu salgai. Gernika-Lumon, esaterako, Amilotx liburudendak salduko du.
2008an jarri zenuten martxan Kafea eta Galletak foruma. Zenbat saio egin dituzue?
32 saio. Musikariek aukeratutako diskoa entzuten dugu, eta ostean eztabaida txiki bat egiten dugu. Amaitzeko, diskoa aukeratu duen musika taldeak edo musikariak kontzertu bat jotzen du. Orokorrean, balorazio oso ona egiten dugu, baina zenbait saiok arrakasta txikia izan dute. Saioetara datozenen kopurua nahikoa aldatzen da unean-uneko musikariaren arabera.
Saioekin jarraitzeko asmoa duzue?
Bai, baina abenduaren amaiera arte edo urtarrilera arte ez gara martxan jarriko. Gernika-Lumoko Gaztetxetik Astrara goazenez, apur bat itxaron beharko dugu.