“Garaipen txiki bat” lortu arren, borrokatzen jarraitu behar dela esan dute Rinder enpresako beharginek
Foruko Rinder enpresak aurkeztutako suspentsio txostena “iruzurra” dela iritzita, Bilboko Lan Arloko 6. epaitegiak enpresak indarrean zuen Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uzteko agindu zuen joan den uztailean. Enpresak erabaki horri ...
Foruko Rinder enpresak aurkeztutako suspentsio txostena “iruzurra” dela iritzita, Bilboko Lan Arloko 6. epaitegiak enpresak indarrean zuen Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uzteko agindu zuen joan den uztailean. Enpresak erabaki horri ipinitako helegitea atzera bota du orain epaitegiak eta, horren harira, “azken urte gogorretan” laguntza eman dieten guztiei eskerrak emateko agerraldia egin du langile batzordeak Gernika-Lumon. “Eskerrak eman gure laguntzan kalera atera izan zareten langile batzorde, langile norbanako eta jende orori, zuon laguntzak eta indarrak guk behar genuen borroka perspektiba sendoa hartzen lagundu diguzuelako, eta jakinarazi Rinder enpresak inposatu eta aplikatzen zetorren EEEa atzera botatzea lortu dugula”. Horrekin batera, borrokatzen jarraitzeko deialdia egin dute Joseba Arriagak eta Armando Egiak.
Izan be, euren gatazka ez dela amaituko jakin badakitela esan dute Foruko lantegiko beharginek. “Enpresak ez duela amore emango badakigu, enpresarien gose ase ezina amaigabea delako”, esan dute. Dena den, borrokaren bitartez “garaipen txiki bat” lortu dutela adierazi dute Arriagak eta Egiak.
55 behargin dira Foruko Rinder lantegian. Azaldu dutenez, hilabeteko soldata, aparteko sariaren erdia eta EEEan egon zireneko 47-48 egun zor dizkie enpresak.