Ander Elortegik zapatuan izango du jokoan finalaurreetarako txartela
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa badabil bidea egiten. Asteburu honetan Mungia izango da bertsolarien bapatekosunerako gaitasunaren lekuko, Txorierriko herri horretan jokatuko baita zapatuan hirugarren kanporaketa. Oraingoan, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari bakarra egongo da: Ander Elortegi. Fredi Paia algortarra, Iñaki Iturriotz igorreztarra, Malen Amenabar larrabetzuarra, Peru Vidal leioarra eta Txaber Ormazabal arrigorriagarra izango ditu aurkari natxituarrak Olalde aretoan 17:30etik aurrera jokatuko den kanporaketan. Aurreko beste bi kanporaketetako lan bera egin beharko dute zapatuan finalaurrekoetarako txartela jokoan daukaten bertsolariek. Hala, zortziko nagusian eta txikian ofiziotan hiruna bertso osatu beharko dituzte lehenbizi. Bakarkako lanean, puntua emanda, bertso bi egin beharko dituzte zortziko handian, eta bat zortziko txikian. Kartzelako lanagaz bukatuko da saioa. Kasu horretan, gaia emanda hiru bertso osatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean. Mungiako saioko irabazleak finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortuko du; gainontzekoak puntuazioaren arabera igaroko dira hurrengo fasera. Zuriñe Iarritu ariko da aurkezle lanetan. Ibarra eta Ajuria Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez, www.bertsosarrerak.eu helbidearen bitartez eros daitezke Mungiako saiorako sarrerak. Orain arte, gainera, kanporaketa saioetako zein finaleko sarrerak baino ez dira egon eskuragarri webgune horretan, baina dagoeneko finalaurreetako sarrerak erosteko aukera be badago. Finalaurreetako sarrera arruntak 10 euro balio du, bazkideena 7 eta gazteena (16 urtera arte) 5 euro. Oraingoz, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari [...]
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa badabil bidea egiten. Asteburu honetan Mungia izango da bertsolarien bapatekosunerako gaitasunaren lekuko, Txorierriko herri horretan jokatuko baita zapatuan hirugarren kanporaketa. Oraingoan, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari bakarra egongo da: Ander Elortegi. Fredi Paia algortarra, Iñaki Iturriotz igorreztarra, Malen Amenabar larrabetzuarra, Peru Vidal leioarra eta Txaber Ormazabal arrigorriagarra izango ditu aurkari natxituarrak Olalde aretoan 17:30etik aurrera jokatuko den kanporaketan.
Aurreko beste bi kanporaketetako lan bera egin beharko dute zapatuan finalaurrekoetarako txartela jokoan daukaten bertsolariek. Hala, zortziko nagusian eta txikian ofiziotan hiruna bertso osatu beharko dituzte lehenbizi. Bakarkako lanean, puntua emanda, bertso bi egin beharko dituzte zortziko handian, eta bat zortziko txikian. Kartzelako lanagaz bukatuko da saioa. Kasu horretan, gaia emanda hiru bertso osatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean.
Mungiako saioko irabazleak finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortuko du; gainontzekoak puntuazioaren arabera igaroko dira hurrengo fasera. Zuriñe Iarritu ariko da aurkezle lanetan.
Ibarra eta Ajuria
Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez, www.bertsosarrerak.eu helbidearen bitartez eros daitezke Mungiako saiorako sarrerak. Orain arte, gainera, kanporaketa saioetako zein finaleko sarrerak baino ez dira egon eskuragarri webgune horretan, baina dagoeneko finalaurreetako sarrerak erosteko aukera be badago. Finalaurreetako sarrera arruntak 10 euro balio du, bazkideena 7 eta gazteena (16 urtera arte) 5 euro.
Oraingoz, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari banak lortu dute finalaurrekoetarako txartela: Iratxe Ibarra markina-xemeindarrak eta Ibon Ajuria gernikarrak. Berriatuko saioan nagusitu zen Ibarra, eta Balmasedakoan Ajuria.