I ñigo Urkulluren hautagaitzak botoen %34,64 jasota, EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hala, 27 legebiltzarkide izango ditu parlamentuan. Bigarren indar politikoa, bestalde, EH Bildu izango da Legebiltzarrean, 21 legebiltzarkiderekin sartuta. PSE-EEk 16 legebiltzarkide izango ditu, PPk 10 eta UPyDk bakarra. Dena den, Idoia Mendiak jakinarazi duenez, postaz bidalitako botoak zenbatzea falta da oraindik. Hain zuzen be, urriaren 27an zenbatuko dituzte atzerrian bizi direnen botoak Lurralde Historikoko hauteskunde-batzordetan, eta, orduan jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak.
Lea-Artibain Bildu nagusi
Busturialdean EAJ izan da alderdi bozkatuena, 12.979 herritarrek emon baitute horien aldeko botoa.Bigarren indar bozkatuena, ostera, Bildu izan da; bien arteko aldea, 2.353 botokoa izan da. Lea-Artibain eta Mutrikun, ostera, EH Bildu koalizioa izan da nagusi 9.066 botogaz; hain zuzen be, Markina-Xemeinen, Ispasterren eta Etxebarrian izan ezik, beste herrietan gailendu da. EAJ izan zen bigarren nagusi, 7.342 boto eskuratuta.
Domekako hauteskundeetan izandako parte hartzea 2009an baino %1,15 handiagoa izan da; hain zuzen be, %65,83koa izan da aurten. Gainera, parte hartze handieneko udalerrien artean daude Busturialdeko herri bi; hain zuzen be, Arratzu eta Korteubi, %86,08ko eta %85,55eko parte hartzeagaz, hurrenez hurren.