Uda aurretik Cesar Carmona Gernika-Lumoko gazteari gurpildun aulki elektriko bat erosten laguntzeko plastikozko tapoi bilketa martxan jarri zuen ASINSOC elbarriak gizarteratzeko elkarteak. Ostalarien eta merkatarien laguntza be izan duen kanpaina horretan bere harri koxkorra jartzea helburu, hilaren 28rako ongintzazko ikuskizun bat proposatu du Xabier Totorikaguena Xaiborek.
Zer dela eta ongintzazko ikuskizun bat?
Cesar Carmonaren aldeko kanpainaren kartelak ikusi nituen kalean eta ekarpenen bat egin nezakeela pentsatu nuen, batez be umeen artean Gernika-Lumon jarraitzaile asko ditudala kontuan hartuta. Nire bigarren diskoaren aurkezpenik oraindik hemen egin ez dudala eta, ikuskizun bat antolatzea bururatu zitzaidan.
Sarrerak bost euro balioko du, baina plastikozko tapoiekin be ordaindu ahal izango da.
Hori da. Jende asko krisiak kolpatuta dagoela eta, tapoiekin ordaintzeko aukera egokia iruditu zitzaidan. Carmonari gurpildun aulki elektriko bat erostea denez helburua, askoz hobeto jendeak diruagaz ordaintzea, familiari hobeto datorkiolako. Baina ume bat baino gehiago duten familiei, esaterako, garesti atera dakieke sarrera diruz ordaintzea; beraz, pertsonako 25 tapoi eroanda be eskuratu ahalko dute sarrera, ondorengo zozketan be parte hartuz. Eta, zelan ez, buruko 25 tapoi baino gehiago be eroan daitezke.
Zer zozkatuko duzue?
Sarreragaz batera paparrean jartzeko pegatina bat emango diogu ume bakoitzari, eta horregaz erabilera askotariko inprimatzaile bat, euskarazko hiztegi bat eta mendiko bizikleta baten zozketan sartuko dira. Zozketaz gain, ikuskizuna amaitzerakoan Xaiborren disko bat, bisera bat eta egutegi bat banatuko diegu umeei. Joan izana eskertzeko oparia izango da.
Zenbat tapoi edo diru bilduko dituzula aurreikusten duzu?
Gutxienez 100 ume eta euren gurasoak batzea espero dut, zapatuetan FMra datozenen artean iragarri baitut. Nire diskoko abestiak zuzenean entzuteko gogoa daukatela uste dut.
Zenbat disko dauzkazu?
Bi. Lehenengoa, Antinaturala, salgai ipini nuen, eta bigarrena da Disko Festetan dohainik banatzen ari naizena eta hilaren 28an aurkeztuko dudana, Xaibor Txiki izenekoa. Datorren urtera begira Xaibor Haundi kaleratzeko asmoa daukat, Antinaturala berrargitaratuz. Helduei zuzenduta egongo da, eta hori be dohainik banatzeko asmoa daukat.
Carmonaren familiak nola hartu du ikuskizuna?
Oso ondo. Aita eta anaia langabezian daude, eta ezinezkoa dute euren kabuz gurpildun aulkia erostea. Beraz, asko eskertzen dute edozein laguntza.
Aurreratu dezakezu ikuskizunak zertan datzan?
Gala laburra baina bizia izango da. Antzoki batean izango denez eta umeek jesarrita egoteko zailtasunak dituztela kontuan hartuta, ordubetean laburbilduko dut saioa. Nire abestiak Elai-Alai dantzari taldearen dantzekin tartekatuko ditugu, eta azken abestia Cesar Carmonari eskainitakoa izango da. Ondoren zozketa egingo dugu.
Zer esango zenieke irakurleei, ikuskizunera joan daitezen?
Nik behintzat ilusioa jarri dut ikuskizun honetan. Kausa onen alde denok eman behar dugu zerbait. Normalean jendea ez da asko mugitzen, eta hau aukera ona da ekarpen bat egiteko. Bestetik, hau antolatzen dudan lehenengo ongintzazko ikuskizuna da, baina nire asmoa datorren urtean beste bat egitea litzateke, unean uneko beharrizanak kontuan hartuta kausa batera edo bestera bideratzeko.
Ongintzazko gala
Noiz. Hilaren 28an.
Non. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Ordua. 17:00etan.
Prezioa. 5 euro edo plastikozko 25 tapoi pertsonako.