Alex Zubiaren zutabea: Inbidiaren bertutea
Katalunian gertatzen ari denaren harira bada horrelako apostu gura bat bezala, apostuzaleok gara euskaldunok, ea estatu propio baten aldeko bidean beraiek edota gu bagoaz arinago edo hobeto. Masek, Ibarretxek egin zuena baino gehiago izateko ausardiarik izango al du? Hura Euskal Herriaren (Euzkadi zatiaren) defentsan muturreraino heltzeko prest agertu zen, eta gartzelan bera barik denek lehendakarigai ematen zuten Arnaldo, Anabel Prieto eta bere 10 EGUNEKO haurra eta beste ehundaka euskaldun daude sakabanatuta. Eta gure lehia honetan gabiltzala, hara non, eta Eskozia eta Erresuma Batuek independentziaren herri galdeketan zer eta noiz galdetuko den hitzartu duten, zibilizatuki. Honekin ez dut esan nahi ingelesak espainiarrak baino zibilizatuagoak direnik, galde diezaiotela beraien azpiko herriei edo gogoratu ditzagun Ghandi eta Indiako koloniako herritarrek pasa behar izan zituztenak ingeles “zibilizatuen” eskutik.
Futbitoko jolaslekuan gabiltzala ematen du, katalanekin batera Independentziaren Derbyan lehian beste eszenatoki batzuetan zelai handian dabiltzan artean. Quebec-ek egina du lehenago orain Eskoziak hartu berri duen bidea, herri bati zer nahi duen galdetzearen bidea.
Amerikar kontinenteko bi aldetan ere hartu digute aurrea momentuz. Bata, goian aipaturiko Quebec eta Kanadaren artean gertatzen ari dena, galdeketaren bitartez erabaki etorkizuna. Orain arte Quebeceko herriak ez du independentziaren aukera hartu, baina berak hala erabaki duelako, ez inork inposaturik.
Hego-Ameriketan ere hartu digute aurrea, hastear daude ofizialki Kolonbiako FARC eta Gobernuaren arteko negoziazioak. Lehenago ere izan dute halako prozesurik (eta borroka armatua egon den edo dagoen zein herrialdetan ez?), zorte hobea izan dezatela oraingo honetan.
Inbidia somatzen dut egunotan munduko beste bazter batzuetan gertatzen ari direnak jakinik. Baina nire kasuan, eta badakit ez naizela bakarra, ez da okerrerako inbidia bat, guk ere horrelako bideak izatea nahi dut. Bertute hori izan behar du gure inbidiak, bide horietara heltzeko lagungarri izatea.