121 musikazaleren testuak, ‘Kafe aleak’ liburuan
Kafea eta Galletak ekimenak beste jauzi bat eman du, Kafe aleak liburua argitaratuz. Gustuko diskoak lagunartean entzuteko sortutako proiektutik abiatuta sortu da liburua, musikaren inguruko jende askotarikoaren testuak jasotzen dituen argitalpena. &...
Kafea eta Galletak ekimenak beste jauzi bat eman du, Kafe aleak liburua argitaratuz. Gustuko diskoak lagunartean entzuteko sortutako proiektutik abiatuta sortu da liburua, musikaren inguruko jende askotarikoaren testuak jasotzen dituen argitalpena. “121 buru, 121 aburu. 121 musikazale, kulturgile, eragile bildu ditugu; musikaren inguruko jende askotarikoa, musikariak izan ezik. Musikariak ez direnen ikuspegia jaso nahi genuen, Kafea eta Galletak disko-forumean musikariak izaten baitira disko aukeratzaileak”, azaldu dute disko-forumaren sustatzaileek.
2008an sortu zen Kafea eta galletak disko-foruma, Gernika-Lumoko Gaztetxean. Hainbat saio egin ostean, azken bi urteak ‘Kafe aleak, 121 disko’ irakurketa liburua prestatzen eman dute Leire Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak. “Bakoitzak disko bat ardatz hartuta, estilo librean testu bat idaztera gonbidatu ditugu, eta hauxe dugu emaitza”.
Hartara, “musikari aktibo-entzule pasibo araua” hautsi gura izan dute, eta jaso dituzten testuen artean estilo askotarikoak daude. Egilearen bizipen pertsonaletan oinarritutakoak dira asko; kritikak, beste batzuk; eta fikzioak, bakar batzuk. Halaber, egileen artean estilo eta adin desberdineko jendea dago, gehienak euskal herritarrak diren arren.