Menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako programa aurkeztu dute
Etxeko pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten herritarren bizi kalitatea hobetzea xede duen programa aurkeztu du gaur Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Lea-Artibain eta Bermeon egin bezala, Zainduz programa martxan ipini du Busturialdeko mankomunitateak be, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Gernika-Lumoko Gizarte Ongizaterako zinegotzi Begoña Landak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko koordinatzaile Nerea Llantadak azaldu dituzte programaren xehetasunak, gaur goizean. Hala, helburua mendekotasunak dituzten familiartekoen zaintzaileei arreta eta laguntza emotea dela esan dute, “norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetzeko eta zaintza lana errazteko teknikak landuz, besteak beste”.
Asmo hori betetzeko, orientabidea eta laguntza emateko baliabidea izateaz gain, Zainduz programaren bitartez informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa eskainiko dutela azaldu dute.
Programak lau atal garatuko ditu
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten 17 udalerrietan lau ekintza garatuko dituzte: osasun tailerrak, informazio kanpaina, zaintzaileentzako etxez-etxeko prestakuntza eta banakako arreta eta laguntza taldeak.
Osasun tailerrak, hain zuzen, azaroan eta abenduan egingo dituzte, eskualdeko hainbat herritan. Zahartze aktiboa bultzatzea eta zaintzaileei euren eginbeharra hobetzeko laguntza emotea izango dute helburu tailer horiek. Informazio kanpainarako, aldiz, hiru liburuxka argitaratuko dituztela zehaztu dute, eta horiek informazio tailerretan, hitzaldietan eta mediku kontsultetan banatuko dituzte.
Zaintzaileentzako etxez etxeko prestakuntzaren bitartez, barriz, informazioa era aholkuak hartuko dituzte zaintzaileek; baita fisioterapeuta baten aholkuak be. Horrez gain, laguntza psikologikoa emoteko taldeak sortuko dituzte, psikologo batek koordinatuta.
2011. urtean menpekotasun egoeran bizi diren 1088 biztanle zeuden Busturialdean, eta horien erdiak, gutxi gorabehera, etxean zeudela zehaztu du Mankomunitateko koordinatzaileak.