Gidabaimena euskaraz atera dutenek zabalik dute diru laguntza eskatzeko epea
Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenek Bermeoko Udalak horretarako emoten duen diru laguntza eskatzera hurbil daitezke jada. Eskaerak Berh@z bulegoan egin beharko dituzte eta azaroaren 10a izango da horretarako azken eguna. B...
Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenek Bermeoko Udalak horretarako emoten duen diru laguntza eskatzera hurbil daitezke jada. Eskaerak Berh@z bulegoan egin beharko dituzte eta azaroaren 10a izango da horretarako azken eguna.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak bideratzen ditu laguntza horiek eta 750 euro ditu horretarako. Hortaz, baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzak 150 euroko diru laguntza jasoko duela jakinarazi dute. Bete beharreko baldintzak hurrengoak dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.
Diru laguntza eskatu gura duten horiek Berh@z bulegora hurbildu beharko dira azaroaren 10a baino lehen eta eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia eroan beharko dituzte.
Bermeoko autoeskolak prest
Bermeoko autoeskolak gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera emoten dutela azaldu dute Euskara Sailetik, “teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz dute, beraz, azterketa euskaraz be egin daiteke”.
Udalak emoten dituen diru laguntza horien helburua, gazteak gidabaimena prestatzeko orduan euskara erabili dezaten animatzea dela jakinarazi dute. Kontuan izatekoa da Euskara Sailetik adierazi duten moduan, “gazteak direla batez be gidabaimena prestatzeko interesa agertzen dutenak eta gazte gehienak euskaraz alfabetatuta daudela”.