Eurak barik, ez da gauza bera izango
Ez da gauza bera izango. Hala diote, behintzat, Francisco Jabier Gerrikaetxebarria puntistaren heriotzaren ostean hainbat eta hainbatek egindako adierazpenek. «Berezia» zela diote, gainera, horietako askok; hori dela eta, arrastoa utziko duela argi baino argiago dute. 60 urtegaz zendu da Ajangizko tigrea ezizenez ezaguna zen puntista, gaixotasun luze baten ondorioz. Gerrika legez be ezaguna zen Euskal Herrian eta Gerny legez ezagutzen zuten, ostera, AEBetan. Ezizenak ezizen, aski ezaguna puntisten artean. 16 urtegaz aritu zen Gerri estreinakoz profesionalen artean, eta, geroztik, hainbat frontoi bisitatu ditu; besteak beste, AEBetakoak; Ocala, Tampa, Miami, For Pierce eta Hartford. 1976an, gainera, 24 urte zituela, Miamiko atzelari onena legez izendatu zuten. Atzean jokatzeko txikia bazen be, sasoi izugarrikoa omen zen. Ajangizko Tigrearen heriotzak Euskal Herrian ez ezik, AEBetan be min handia eragin duela diote askok; izan be, horien arabera, «oso maitatua zen eta miresmen handia zioten». «Bera joan da, eta, aldi berean, gutako parte bat be joan denaren sentsazioagaz geratu naiz», dio harekin jokatutako puntista batek. Gerrika zendu arren, haren joko indartsua ez dute aise ahaztuko hura ezagutzen zutenek. Kantxa barruan «ikusgarria» zela diote: beti erasora jokatzen zuen bakarretakoa. Gainera, jokoaz gain, beste zerbait be emoten zuen, antza, kantxan: diotenez, ikuskizuna eskaintzen zuen. Jarraitzaileak zutik barik belauniko [...]
Ez da gauza bera izango. Hala diote, behintzat, Francisco Jabier Gerrikaetxebarria puntistaren heriotzaren ostean hainbat eta hainbatek egindako adierazpenek. «Berezia» zela diote, gainera, horietako askok; hori dela eta, arrastoa utziko duela argi baino argiago dute.
60 urtegaz zendu da Ajangizko tigrea ezizenez ezaguna zen puntista, gaixotasun luze baten ondorioz. Gerrika legez be ezaguna zen Euskal Herrian eta Gerny legez ezagutzen zuten, ostera, AEBetan. Ezizenak ezizen, aski ezaguna puntisten artean.
16 urtegaz aritu zen Gerri estreinakoz profesionalen artean, eta, geroztik, hainbat frontoi bisitatu ditu; besteak beste, AEBetakoak; Ocala, Tampa, Miami, For Pierce eta Hartford. 1976an, gainera, 24 urte zituela, Miamiko atzelari onena legez izendatu zuten. Atzean jokatzeko txikia bazen be, sasoi izugarrikoa omen zen.
Ajangizko Tigrearen heriotzak Euskal Herrian ez ezik, AEBetan be min handia eragin duela diote askok; izan be, horien arabera, «oso maitatua zen eta miresmen handia zioten». «Bera joan da, eta, aldi berean, gutako parte bat be joan denaren sentsazioagaz geratu naiz», dio harekin jokatutako puntista batek.
Gerrika zendu arren, haren joko indartsua ez dute aise ahaztuko hura ezagutzen zutenek. Kantxa barruan «ikusgarria» zela diote: beti erasora jokatzen zuen bakarretakoa. Gainera, jokoaz gain, beste zerbait be emoten zuen, antza, kantxan: diotenez, ikuskizuna eskaintzen zuen. Jarraitzaileak zutik barik belauniko jartzeko abilezia zuela uste dute haren aldamenean aritutakoek.
Beaskoetxea Gerrikaz mintzo
Gonzalo Beaskoetxea Gernika-Lumoko Euskal Jai Alai zesta punta eskolako arduradunak be goibeltasun handiz hartu du heriotzaren barri; hala adierazi du Gernika Jai Alai eskolaren blogean. «Oroitzapen ugari datorzkit Jai Alaien ikasle moduan hasi ginenetik; denbora asko igaro da geroztik, eta beti laguntzat izan dugu batak bestea», dio.
Beaskoetxearen ustez, jarraitzaileek zesta-puntako figura ukaezin legez gogoratuko dute Gerrika hemendik aurrera. Berak, ostera, bihotz onenetarikoa duen pertsona bezala gogoratuko duela esan du. «Arraro xamar egingo zait Urriko Azken Astelehenean elkar ez agurtzea», aitortu du.
Ondo baino hobeto estreinatu gura izan zuten iaz Ajangizko Eleizalde auzoko frontoi barria, eta, horretarako, Jabi Gerrika puntista ohi ajangiztarra izan zuten euren artean. Ajangizko Tigrea omentzeko tartea hartu zuten egun horretan; hala, lagunak eta puntista ohiak ondoan zituela xistera jantzi zuen beste behin Gerrikak.
Arrilagaren heriotza
Ezin esan puntistentzako egunak direnik; izan be, Gerrikaren heriotzari Benjamin Arrilagarena gehitu behar zaio. Markina-Xemeinekoa zen Arrilaga, eta 68 urte zituela zendu zen joan den astean Mexikon. Ajangizko Tigrea bezala, Arrillaga be aski ezaguna zen zesta-punta munduan. Euskal Herriko, Palma de Mallorcako, Daniako, West Pal Beach-eko, Daytona Beach-eko, Caracaseko, Tijuanako eta Mexikoko frontoietan norgehiagoka aritutakoa zen.