Bertsolari txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko du Ajuriak domekan
Joan den asteburuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa Berriatuan jokatu ostean, Balmasedan izango dute hurrengo hitzordua bertsozaleek. Domekan jokatuko da bigarren kanporaketa Enkarterrietako herri horretan, 17:30ean, eta Busturialdeko ...
Joan den asteburuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa Berriatuan jokatu ostean, Balmasedan izango dute hurrengo hitzordua bertsozaleek. Domekan jokatuko da bigarren kanporaketa Enkarterrietako herri horretan, 17:30ean, eta Busturialdeko bertsolari bat igoko da Klaret antzokiko taula gainera. Hain zuzen, Ibon Ajuria gernikarra izango da Busturialdeko ordezkaria bigarren kanporaketan. Ander Salaberria durangarra, Eñaut Uruburu abadiñarra, Gorka Ostolaza markina-xemeindarra, Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Itxaso Paia algortarra izango ditu aurrez aurre.
Zortziko nagusian eta txikian ofiziotan hiruna bertso osatu beharko dituzte bertsolariek lehenbizi. Bakarkako lanean, puntua emanda, bertso bi egin beharko dituzte zortziko handian, eta bat zortziko txikian. Kartzelako lanagaz bukatuko da saioa. Kasu horretan, gaia emanda hiru bertso osatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean.
Balmasedako irabazleak finalaurrekoetarako txartela lortuko du; gainontzekoak puntuazioaren arabera igaroko dira hurrengo fasera.
Leire Aurrekoetxeak aurkeztuko du kanporaketa, eta Jurgi Fuentes, Ander Txakartegi, Gorka Intxaurbe, Jon Jaio, Josu Telleria eta Mirari Azula izango dira epaileak. www.bertsosarrerak.eu-n eros daitezke sarrerak.