Zortzi ikastetxe kultura arteko bizikidetza lantzeko prest
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak sustatuta, Busturialdeko zortzi ikastetxek kultura arteko elkarbizitza bultzatzeko sentsibilizazio programan parte hartuko dute.
Gernika-Lumoko Mertzedek, San Fidelek, Seber Altubek eta Gernika-Lumo LHIk, Arratzuko Barrutialdek, Gautegiz Arteagako Montorrek, Busturiako Jose Maria Ucelayk eta Mundakako ikastetxeak parte hartuko dute.
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek parte hartuko dute. Zentro guztietako 18 ikastaldek parte hartuko dute programan; hala, guztira, 350 ikasle inguru izango direla diote.
«Programaren helburua aniztasuna errespetatzeko jarrerak bultzatzea, etorkinei buruz dauden estereotipoak modu kritiko batez aztertzea eta kulturen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko jarraibideak ematea da», azaldu dute.
Sei orduko tailerrak
Tailerrak sei orduko iraupena izango du, lau saiotan banatuta.
Besteak beste, nortasuna eta kultur arteko aniztasuna, inmigrazioaren inguruko estereotipoak, gatazkak konpontzeko jarraibideak eta kultura arteko gatazken berezitasunak izango dira jorratuko dituzten gaietako batzuk.
Herrialde ezberdinetako monitoreek emongo dituzte tailerrak; «oso garrantzitsua» dela diote horin Inmigrazio Zerbitzukoek, «etorkinei buruz dauden estereotipoak apurtzeko».