Maribi Ugarteburu: “Goazen demokraziaren zabortegitik”
EH Bilduk independentziaren aldeko apustu sendoa egin du urriaren 21eko hauteskundeei begira, eta alderdiko zerrendakideak hala jakinarazi dute orain arteko ekitaldi guztietan. EH Bilduk Gernika-Lumon egindako lurralde mailako mitinean be, burujabetza...
EH Bilduk independentziaren aldeko apustu sendoa egin du urriaren 21eko hauteskundeei begira, eta alderdiko zerrendakideak hala jakinarazi dute orain arteko ekitaldi guztietan. EH Bilduk Gernika-Lumon egindako lurralde mailako mitinean be, burujabetzaren aldeko mezuak plazaratu zituzten Maribi Ugarteburu eta Leire Pinedo Bizkaiko zerrendakideek. “Goazen demokraziaren zabortegitik” esan zuen Ugarteburuk, Elai Alai aretoan bildutako herritarren aurrean.
Ugartebururentzat “egiaren ordua” da, “zirt edo zart” egin erabakitzeko momentua. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei zein alderdi politikoei “independentziaren proiektuagaz bat egitea” eskatu zien Bizkaiko zerrendakideak.
Amorotokoaren ustez, irtenbide bakarra da burujabetza, eta hala gogoratu zion Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari. “Estatutuaren bidea agortuta ez dagola dio Urkulluk, baina argudio horregaz ez gara urrun joango” nabarmendu zuen.
Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiari be erantzun zion Ugarteburuk. Herenegun independetzia gura dutenek argi eskatu dezatela esan zuen Lopezek Gernika-Lumoko arbolapean, eta EH Bilduren kideak argi erantzun zion. “Independentzia gura dugu, eta ez dugu inoiz be ezkutatuko. Goazen mozketa sozialen, espekulatzaileen, ustelkeriaren eta monarkiaren Espainiatik” esan zuen.