15 kilometroko ingurumen-ibilbidea egokituko du udalak
Sare Berdea osatzen duten lau ibilbideak –GR 98, GR 38, Donejakue Bidea eta PR BI 173– lotzeko proiektua garatzen hasi da Gernika-Lumoko Udala. Ibilbide horiek lotuta, 15 kilometrotako bidea egin ahal izango dute ibiltariek. Lau hilabeteren buruan ...
Sare Berdea osatzen duten lau ibilbideak –GR 98, GR 38, Donejakue Bidea eta PR BI 173– lotzeko proiektua garatzen hasi da Gernika-Lumoko Udala. Ibilbide horiek lotuta, 15 kilometrotako bidea egin ahal izango dute ibiltariek.
Lau hilabeteren buruan Gernika-Lumotik Forura doan ingurumen-ibilbidea barritzea espero du udalak; horretarako, 12. 705 euroko inbertsioa egingo du.
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, ingurumen-ibilbide horrek Gernika eta Forua lotuko ditu Lumo eta Baldatika erreka zeharkatuz; era berean, Errigoitigaz be lotuko du Gernika-Lumo, Metxika auzoaren bitartez. Hain zuzen be, GR 98a (Gernika-Lumo-Bermeo etapa, Oka errekako ubidearen ondoko pasealekuan zehar doana), GR 38a (Ardoaren eta arrainaren bidea, Gernika-Lumo Errege bidearekin lotzen duena), Donejakue bidea eta PR BI 173 ibilbidea (Errigoitigaz lotzen duen bidea) lotuko dituzte.
Proiektuaren baitan, hainbat lan egingo dituzte bideak hobetze aldera eta «ibiltariak lasai eta arrisku gabe ibil daitezen». Besteak beste, «Goikoerrotaren parean, oinezkoentzako egurrezko pasabidea egingo dute, belar-sastrakak garbituko dituzte, zeharkako ur-hodiak ipiniko dituzte, eta lur-areka egingo dute Goikoerrotatik datorren pistatik».
Horrez gain, Gernika-Lumoko Udalak azaldu duenez, Bizkaiko Mendizale Federazioari eskatuko diote homologatzeko eta ibilbide laburren zerrendan sartzeko.