Bermeo aukeratu du Osakidetzak gripearen aurkako txertoaren sustapena egiteko
Osakidetzak, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuarekin elkarlanean, gripearen aurkako txertoa sustatzeko informazio kanpaina abiarazi dute. Bermeoz gain, Etxebarrin be egingo dutela jakinarazi dute. Kanpaina barria 64 urtetik gorakoei eta gaix...
Osakidetzak, Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuarekin elkarlanean, gripearen aurkako txertoa sustatzeko informazio kanpaina abiarazi dute. Bermeoz gain, Etxebarrin be egingo dutela jakinarazi dute.
Kanpaina barria 64 urtetik gorakoei eta gaixotasun kronikoak dituztenei zuzenduta dago. Horiek baitira gripea izateko arrisku gehien dituzten herritarrak. Horretarako, bihar, 18:00etan, gripearen aurkako txertoak duen garrantziari eta eraginari buruzko hitzaldi bat antolatu dute Nestor Basterretxea aretoan. Hitzaldi horretan osakidetzako ordezkariek herritarrek dituzten zalantzak argitzen saiatuko direla zehaztu dute.
Osakidetzako ordezkariek barikuan kanpainaren aurkezpenean azaldu legez, Bermeon 64 urte baino gehiago dutenen artean %65ak ipintzen du gripearen aurkako txertoa. Martxan ipini duten kanpaina aitzindariarekin, barriz, «%70era iristeko asmoa dutela» iragarri zuten.
Gaixo kronikoek «gutxiago»
Bestalde, gaixotasun kronikoak dituztenen artean, txertoa ipintzen dutenek «gutxiago» direla nabarmendu zuten; esaterako, 65 urte baino gutxiago dituzten diabetikoen %35ak soilik hartzen du txertoa eta EPOC gaixotasuna dutenen kasuan %32ak.
Txertoa ipintzea «prebentziorako» neurri bat dela azaldu zuten aurkezpen ekitaldian Osakidetzako ordezkariek. Helburua, horiek azaldu legez, «arrisku handiko taldeetan, txertaketaren bitartez, zailtasun-tasak eta heriotzak gutxitzea da». Izan be, hainbat ikerketek adierazten dutenez, «txertoa ipintzearen ondorioz, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen ospitalizazioa %50-60 jaisten da eta hilkortasun-tasa, aldiz, % 80».