
Hauteskunde kanpainan sartuta, EAJk Agirre lehendakaria omendu du Gernika-Lumon. Atzo goizean egin zuen ekitaldia EAJk, Batzar Etxean, atzo bezalako egun batean (1936.eko urriaren 7an) eratu baitzen lehenengo Eusko Jaurlaritza Gernikako arbolaren gerizpean. Orduko lehendakariaren lana goraipatu zuen Iñigo Urkulluk. “Agirrerengandik jaso genituen konpromisoa, elkartasuna eta akordioa. Orain krisitik ateratzeko eta bake iraunkorra finkatzeko behar ditugu konpromisoa, elkartasuna eta akordioa”. Hari horretatik, Agirre lehendakariak eta bere gobernuak bere egitasmorako eredu izan behar dutela esan zuen Urkulluk. “Abertzaletasun konprometitu, gizalegezkoa eta demokratikoa ordezkatzen dugunontzat. Eredu dira beren duintasun demokratikoagatik, beren abertzaletasunagatik, beren humanismoagatik. Baina baita beren buru-argitasunagatik ere”.
Agirreren ondareak bizirik dirauela be esan zuen EAJren zerrendaburuak.”Gaur, atzo bezala, Europan dugu begirada, eta mundu ireki eta globalizatuari begiratzen diogu. Gaur, atzo bezala, nazioartean dugun presentzia berrindartu behar dugu. Mundura irekita dagoen Euskadi nahi dugu, aukerak bilatzen egongo dena. Euzko Alderdi Jeltzaleak bi konpromiso aurkeztu nahi dizkio gizarteari, barne akordioa eta Euskadiren kanpo proiekzioa. Munduan Agirre lehendakariak egin zuen moduan aurkez gaitezen: ‘I am Basque’. Ekitaldia “Agur eta ohore, Jose Antonio Agirre, euskaldunon lehendakaria” esanez amaitu zuen Urkulluk.