Euskal giroan murgildu dira herritarrak
Euskal Jaian murgildu da Gernika-Lumo. Kaleak jendez bete eta euskal jantziak dira ikusgai herriko txoko guztietan. Dantzek, pertsonaia mitologikoek, erraldoiek, joaldunek, txistulariek, trikitilariek… herria girotzen laguntzen dute, gainera. Her...
Euskal Jaian murgildu da Gernika-Lumo. Kaleak jendez bete eta euskal jantziak dira ikusgai herriko txoko guztietan. Dantzek, pertsonaia mitologikoek, erraldoiek, joaldunek, txistulariek, trikitilariek… herria girotzen laguntzen dute, gainera. Herri bazkariak hartuko du Merkatu Plaza eguerdian, eta herri kirolekin gozatzeko aukera be izan da, eguerdi partean. Luhartz taldearen doinuek izango dira gauean, Pasealekuan, dantzarako gonbitea egingo dutenek.
Independentistak Sareak, bestalde, independentzia izan du gaur eztabaidagai, kalean. Merkatu plaza aurreko Domingo Alegria plaza izan da Nekane Jurado ekonomian doktore eta psikologoaren, Independentistak Sareko Txutxi Ariznabarretaren eta, besteak beste, soziologian doktore den Ander Iturriotzen azalpenen lekuko; baita bertan bildutako herritarrak be.
Independentzia beharrezkoa ikusten dutela azaldu dute hizlariek, zeinek bere arolari buruzko arrazoiak eta argudioak emonez. Juradok, esaterako, bankaren krisia faltsua dela azaldu du, eta Euskal Herriak erabateko aldaketa behar duela esan du: “Herri honek badu aberastasuna, baina gaur egungo autonomia estatutuak dio planifikazio ekonomikoa Espainiaren esku dagoela”. Kontzertu ekonomikoa be kritikatu du Juradok, krisitik ateratzeko oztoporik nagusienetako bat izango dela esanez.
Iturriotzek, bestalde, independentzia behetik lortuko delaren ustea azaldu du, herritik, hain zuzen. Eta Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako etorkizunari begira, itxaropena agertu du.